Hasiera  ›  Albisteak  › Irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta Bizimodu Independentea hizpide izango dira elkartuk azaroan Kursaalen egingo duen Nazioarteko Kongresuan

  2019-09-27
Irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta Bizimodu Independentea hizpide izango dira elkartuk azaroan Kursaalen egingo duen Nazioarteko Kongresuan

2019a urte berezia da elkarturentzat. Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea 40. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago, eta urtea borobiltzeko, “Desgaitasuna, eskubideak eta inklusioa elkartuz Nazioarteko Kongresua” izeneko ekimena antolatzen ari da azarorako, hain juxtu, azaroaren 7rako eta 8rako. Kongresuarekin, gaiarekiko ezagutza areagotzen eta gizarte-eraldaketa politikak garatzen jarraitzeko zubi-lana egin nahi da.

Horrela iragarri dute gaur goizean Marcelino Iriondok, elkartuko presidenteak; Mikel Malcorrak, elkartuko zuzendariak; eta Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika saileko diputatuak Donostian emandako prentsaurrekoan; eta horrela nabarmendu du elkartuko zuzendariak: “elkartutik sinetsita gaude Nazioarteko Kongresuak gure ezagutza areagotzen lagunduko duela, eta eragina izango duela elkartea sortu zenetik sustatzen gabiltzan gizarte-eraldaketa politikak garatzen”.

Bere aldetik, Maite Peña diputatuak adierazi du “benetan aberasgarria eta baliagarria” dela elkartu bezalako elkarteek egiten duten lana. “Gipuzkoa lurralde solidarioa da eta hirugarren sektore indartsua duena” azpimarratu du, eta gehitu du “erakundeotatik egiten dugun lanaren ezinbesteko osagarria” dela. elkartuk 40 urtetan zehar gizarte inklusiboago baten alde emandako aurrerapausu guztiak jarri ditu balioan Peñak, “aniztasunetik abiatuta eraikitzen delako benetako berdintasuna”. Kongresuaren nazioarteko izaera goraipatzeaz gain, ezagutza eta esperientzia ezberdinak partekatzeko aukera “ezinhobea” izango dela gaineratu du.

Horixe da, hain justu, Nazioarteko Kongresuaren xedea: eragiten jarraitzea. “elkarturen ibilbidean desgaitasun fisikoa duten gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetzeko hondar-alea jarri dugu, eta gure lanari esker Gipuzkoa justuagoa eta bidezkoagoa da. Kongresuarekin urrats bat haratago goaz politika publikoak inklusioaren bidean jartzeko. Horretan jarri nahi dugu fokua. Eta bide batez, desgaitasuna duten pertsonei eta gurekin lana egiten dutenei erremintak eskaini nahi dizkiegu pertsona horiek trebatzen eta informatzen, hau da, hezten eta ahalduntzen jarraitzeko”.

Hemengo eta hango adituak

Helburu horrekin antolatu dute Desgaitasuna, eskubideak eta inklusioa izeneko Nazioarteko Kongresua. Bi egunez, desgaitasunaren esparruan adituak diren Euskal Herriko, estatuko eta atzerriko pertsonak izango dira Donostian. “Giza eskubideen ikuspegi batetik ariko dira, esperientzia aberasgarriak eta euren ezagutza partekatuz”, azaldu du elkartuko zuzendariak.

Kongresuan zehar lau gai jorratuko dira: irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta Bizimodu Independentea. Lau eztabaida mahai egongo dira, kongresuan jorratuko diren gai bakoitzeko bat; eta beste lau ponentzia. elkartuk, bere 40. urteurrenaren errepasoa egingo du; Eduardo Díaz Centro Español de Documentación sobre Discapacidad erakundeko ordezkariak nazioarteko esperientziak ekarriko ditu; Leeds-eko Unibertsitateko Miro Griffiths-ek, esparru ponentzia emango du; eta Suediako Bizimodu Independentearen Institutuko Riita-Leena Karlsson-ek Europa Iparraldeko esperientzia gerturatuko du. Guztira, hogeitik gora hizlari.

Izen-ematea, zabalik

Gaurko agerraldian Nazioarteko Kongresuaren berri emateaz gain, Kongresua iragartzeko prestatu duten kartela eta webgunea aurkeztu dituzte. Eta izen-ematea zabalik dagoela iragarri dute. Doakoa da, eta urriaren 25era arte egin daiteke.

Mikel Malcorrak desgaitasunaren esparruan lanean ari diren instituzioak, elkarteak eta pertsonak gonbidatu ditu Kongresura parte hartzea, “eta nola ez desgaitasuna duten pertsonak. Izugarrizko lana egin dugu egitaraua osatzen, eta oso pozik gaude lortu dugun emaitzarekin. Ez da erraza halako ezagutza duten adituak bi egunez entzuteko aukera izatea, eta Donostian halako programazioa izatea luxu bat da. Ezin dugu aukera pasatzen utzi”.