Hasiera  ›  Albisteak  › Irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta Bizimodu Independentea hizpide 400 pertsona baino gehiago bilduko dituen elkarturen Nazioarteko Kongresuan

  2019-11-07
Irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta Bizimodu Independentea hizpide 400 pertsona baino gehiago bilduko dituen elkarturen Nazioarteko Kongresuan

Marcelino Iriondo elkartuko presidenteak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eman diote hasiera Elkartuz. Desgaitasuna, eskubideak eta inklusioa Nazioarteko Kongresuari. Kongresua elkartuk, Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak, antolatu du beren 40. urteurreneko ospakizunen harira.

“¿Irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta bizimodu independentea eskubide bilakatuko duten politika publikoak ezartzeko zein modutan egin behar diogu aurre etorkizunari?”, galdera luzatu die bertaratutako pertsonei Marcelino Iriondo elkartuko presidenteak irekiera instituzionalean. Eta, hain zuzen, hori da elkartuk antolatu duen Nazioarteko Kongresuak landuko duen erronketako bat. Bi egunez Kursaalek gaian adituak diren hogei ponente eta 400 pertsona baino gehiago bilduko ditu.

Pertsona anitzak, nabarmendu dute Federaziotik. “Egitarau oparoa osatu dugu, gaian adituak diren pertsonekin. Bi egunez beren jakintza eta esperientzia partekatuko dute giza eskubideen ikuspegi batetik. Horrez gain, publiko zabal eta anitza erakartzea lortu dugu: desgaitasun fisikoa duten pertsonak, ordezkari politikoak, Euskadiko eta Gipuzkoako administrazioetako teknikariak, Hirugarren Sektoreko entitateak, profesionalak, ikasleak, etab”.

Elkartutik esker ona adierazi nahi diete programaren osaeran parte hartu duten hizlariei eta Nazioarteko Kongresura bertaratuko diren 400dik gora pertsonei; “Kongresuak izan duen harrera oso ona da eta pozgarria da hori guretzat. Erantzun hori aurrerapauso bat da politika inklusiboak ezartzeko bidean”.

 Nazioarteko Kongresuan irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta Bizimodu Independentea lantzen ari dira lau mahai-ingurutan. Goizean, elkarturen 40 urteko ibilbidea azaleratu duen konferentziaz gain, Leeds-eko Unibertsitateko Soziologiako eta Gizarte Politiketako irakasleak “desgaitasuna duten pertsonen egoera hobetzeko politikak marko legegileen bidez” lantzeko dagoen beharra azpimarratu du. 

Irisgarritasun unibertsala hizpide izan duen lehen mahai-inguruan Rafael Asis Madrilgo Carlos III. Unibertsitateko irakasleak, Arantxa Gonzalez de Heredia Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroko ikerlariak, Carlos Rodriguez Autonomia Pertsonal eta Laguntza Teknikoetan Estatuko Erreferentziako Zentroko artitektoak eta Ramon Lamiel Desgaitasuna duten Pertsonen Bartzelonako Udal Insitutuko kudeatzaileak, parte hartu dute. Solasaldiak pertsona guztien irisgarritasun unibertsala bermatzeko erronka eta gobernantza ereduak izan ditu ardatz.  

Gaur arratsalderako beste bi mahai-inguru programatu dira. Lehenak, euskal hezkuntza sistema landuko du eredu integratzaile batetik eredu inklusibo bat garatzeko bidean fokoa jarrita. Lan arruntak ere bere lekua izango du Kongresuan, lan eremu ireki, inklusibo eta irisgarri batean lan egiteko eskubidea ardatz. 

Bizimodu Independenterako eredua ostiralean

Ostiraleko jardunaldiak bizimodu independenterako eredura hurbilduko du publikoa. Horretarako, elkartuk Ritta-Leena Karlsson Suediako Bizimodu Independentearen Institutuko ordezkaria gonbidatu du. Suediarraren ponentziaren ostean, azken mahai-ingurua egingo da; non, nola eta norekin bizitzeko eskubideak oinarri dituen eredua aztertuta.

Nazioarteko Kongresuari amaiera Eduardo Diazek emango dio, Alcala de Henares Unibertsitateko Soziologia irakasleak. Desgaitasun politiken eredu eta ikuspegi berritzaileak mahaigaineratuko ditu. 

Jarduera ezberdinak

Halaber, Nazioarteko Kongresuan jarudera ezberdinak egingo dira ponentzia eta mahai-inguruez gain. Nabarmentzekoa da laguntza produktuen erakusketa. Bederatzi enpresek sektoreko produktu ezberdinak jarriko dituzte erakusgarri, besteen artean: desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoak (900 Sistema eta 801/477 Sistema), igogailuan instalatzeko kaxa, 3D inpresoretan inprimatutako produktuak, web nabigaziorako kurtsore egokituak, gurpildun aulkiak, zakarrontzi irisgarriak, bidaietarako aulkiak, karbono zuntz protesiak edota patinete elektriko egokituak.

Erakusketaz haratago, gainera, parte hartze aktiboa sustatuko duen espazio bat diseinatu da. Bertan, Nazioarteko Kongresuko parte hartzaileak desgaitasuna duten pertsonen errealitatea hobetuko duten ideiak eta iritziak azaleratzeko aukera izango dute. Espazio hau hiru gunetan banatuko da:  hodei hitzak, kongresuko gaien inguruan galderak egingo diren esparrua; kamera irekia, bertan parte hartzaileak beren testigantzak uzteko aukera izango dute; eta, azkenik, ideiak paperean, zeinak aportazio anonimoak jasoko dituen. 

Azkenik, erakusketa batek, elkartuko 40 urteko ibilbidean egin diren kanpaina esanguratsuenak jasoko ditu alde batetik eta, bestetik, Federazio Koordinatzailearen parte izan diren elkarteak.