2019-11-08
Arrakastaz betetako elkarturen Nazioarteko Kongresua bere amaierara iritsi da
2019 urte berezia izaten ari da elkarturentzat. Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea 40. urteurreneko ospakizunetan murgildu da eta urtea borobiltzeko Elkartuz. Desgaitasuna, eskubideak eta inklusioa Nazioarteko Kongresua ospatu du Kursaalen. Kongresuarekin gaiarekiko ezagutza areagotzea eta gizarte-eraldaketa politikak garatzen jarraitzeko zubi-lana egin da.
Amaitu da elkartuk antolatu duen arrakastaz betetako Nazioarteko Kongresua. Bi egunez Kusaalen irisgarritasun unibertsala, hezkuntza inklusiboa, lan arrunta eta Bizimodu Independentea izan dute hizpide Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko hogei adituk eta bertaratu diren 400dik gora pertsonek. “Elkartutik sinetsita geunden Nazioarteko Kongresuak gure ezagutza areagotzen lagunduko zuela, eta eragina izango zuela elkartea sortu zenetik sustatzen gabiltzan gizarte-eraldaketa politikak garatzen eta Nazioarteko Kongresuak izandako harrera ikusita aurrerapauso bat eman dugu”, adierazi dute elkartutik.
“Elkarturen ibilbidean desgaitasun fisikoa duten gipuzkoarren bizi-kaliteatea hobetzeko hondar-alea jarri dugu, eta gure lanari esker Gipuzkoa justuago eta bidezkoagoa da. Kongresuarekin urrats bat haratago egitea lortu dugu eta, bide batez, desgaitasuna duten pertsonei eta gurekin lana egiten dutenei erremintak eskaini dizkiegu pertsona horiek trebatzen eta informatzen, hezten eta ahalduntzen jarraitzeko”, gehitu dute.
Elkartutik esker ona adierazi nahi diete programaren osaeran parte hartu duten hizlariei eta Nazioarteko Kongresura bertaratuko diren 400dik gora pertsonei; “Kongresuak izan duen harrera oso ona da eta pozgarria da hori guretzat. Eskerrak gurekin izan diren desgaitasun fisikoa duten pertsonei, ordezkari politikoei, Euskadiko eta Gipuzkoako administrazioetako teknikariei, Hirugarren Sektoreko entitateei, profesionalei, ikasleei, etab. Zuei esker izan baita hau posible”.
Bizimodu Independenterako eredua
Ostiraleko jardunaldiak bizimodu independenterako eredura hurbildu du publikoa. Horretarako, elkartuk Ritta-Leena Karlsson Suediako Bizimodu Independentearen Institutuko ordezkaria gonbidatu du.
Suediarraren ponentziaren ostean, azken mahai-ingurua egin da; non, nola eta norekin bizitzeko eskubideak oinarri dituen eredua aztertuta. Solasaldian Joseba Zalakain Eguia Careaga Fundazioko SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendariak, Marga Saiz Bartzelonako Udaleko Desgaitasuna duten Pertsonen Institutuko Bizmodu Independentearen zerbitzu buruak, Yanil Rojas Uruguayko Laguntza Sistemako kideak, Agustin Huete Salamancako Unibertsitateko irakasleak eta Mikel Malcorra elkartuko presidenteak parte hartu dute.
Nazioarteko Kongresuari amaiera Eduardo Diazek eman dio, Alcala de Henares Unibertsitateko Soziologia irakasleak. Desgaitasun politiken eredu eta ikuspegi berritzaileak mahaigaineratu ditu.
“Izugarrizko lana egin dugu egitaraua osatzen, eta oso pozik gaude lortu dugun emaitzarekin. Ez da erraza halako ezagutza duten adituak bi egunez entzuteko aukera izatea, eta Donostian halako programazioa izatea luxu bat izan da”, azaldu dute elkartutik.
Kursaalera bertaratzeko aukera izan ez dutenentzat ponentziak bideo formatuan eta hitzaldien txostenak eskuragarri jarriko dira www.elkartu.org/elkartuz webgunean.