Anoeta berria eta irisgarritasun unibertsala
Azken hilabeteotan Anoeta estadio berriko lanen jarraipena egiten aritu gara, obra horietan eskumena duten erakundeekin elkarlanean, instalazioaren irisgarritasun-baldintzak betetzen direla bermatzeko eta futbol-partidez eta antolatutako beste ekitaldiez berdintasun-baldintzetan gozatzeko aukera emango duten beste neurri batzuk hartu direla egiaztatzeko.
Egindako bileren ostean eta elkarturen eskura jarritako dokumentazioa aztertu ondoren, irisgarritasun unibertsalaren arloan hartutako neurri hauek nabarmendu daitezke:
- 20 igogailu baino gehiago jarri dira kirol-instalazio osoan.
- Harmailetan gurpildun aulkien erabiltzaileentzako guneak egokitu dira, eta laguntzaileentzako eserlekuak aldamenean; orobat, legean ezarritako espazioen erreserba sobera hobeto bete da.
- Aztertutako komunak egokiak dira, nahiz eta badiren hobekuntza txiki batzuk egiteko (planteatu dira jada); komun guztiek kabina irisgarria dute.
- Tabernen eremuan dauden barrek eremu bat dute gurpildun aulkien erabiltzaileentzat.
- Sarrerak erosteko txarteldegi berriak 0 kotan egokituko dira.
Federazioak, oro har, balorazio positiboa egin du irisgarritasunaren arloan hartu diren neurriez, baina zenbait proposamen planteatu ditu, horien bidez pertsona guztiek Anoeta estadio berriaz gozatzeko duten eskubidea hobeto eta gehiago bermatzeko. Hauek dira proposatutako neurriak:
- Orokorrean seinaleak hobetzea.
- Mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzako eserleku gehiago egokitzea, erreserbatutako eremuak adina, gutxienez.
- Estadio guztiko eskailerak nabarmentzea; izan ere, gainerakoan arriskua sor daiteke ikusmen gutxitua duten pertsonentzat.
- Estadioaren barnean eta kanpoan noranzkoa adierazteko lerro gidariak jartzea ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat.
- Kanpoko urbanizazio osoan hobekuntzak egitea.
Azken batean, elkartuk begi onez ikusi du zer-nola landu den Anoeta estadio berriaren irisgarritasun unibertsala, eta, bide berean, lanean jarraituko du erakundeekin lankidetzan, planteatutako neurri horiek ezar daitezen, modu horretara Gipuzkoak erreferentziazko kirol-instalazioa izan dezan irisgarritasun unibertsalaren eta inklusioaren ikuspegitik.