Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2019-05-13 × 

Foru eta udal hauteskundeetarako aldarrikapenak

elkartu-k (Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) eta Elkartean-ek (Euskal Autonomia Erkidegoko Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Konfederazio Koordinatzailea) lehentasunezko 14 ildo hauek proposatzen ditu foru- eta udal-eremuetan Pertsona Desgaituen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa ezartzen dela ziurtatzeko. Betiere, desgaitasun fisikoa duten pertsonek beren eskubide guztiak gauzatu eta komunitatean besteen aukera berdinekin parte hartu eta bizimodu independentea garatzeko baldintza egokiak bermatuz.

  1. Irisgarritasun Unibertsalaren arloko araudia betetzen dela ziurtatzea, horretarako tokiko araudi (udal-ordenantzak etab.) eta plangintza egokia egin eta hedatuz irisgarritasun unibertsalaren baldintza guztien betearazpena bermatzeko oinarrizko eremuetan: etxebizitza publikoa eta pribatua, espazio publikoak, ikastetxeak, eraikuntza publikoa, garraioa, komunikazioa, aisialdia, kultura eta kirola.
  2. Udalerrietan mugikortasun-politikak gauzatzea, hiri-inguruan gune, azpiegitura eta garraiorako eta mugikortasunerako gailu irisgarri eta seguruak diseinatuz, besteak beste mugikortasun urriko pertsonak kontuan hartuz: hiriko eta hiriz kanpoko garraio irisgarria, bizikleta egokituak, espazio publikoak, hirigintza, oinezkoentzako oztoporik gabeko ibilbide irisgarriak...
  3. Bizimodu Independenteko Eredua sustatzea, pertsona bakoitzak non, nola eta norekin bizi nahi duen erabaki ahal izateko prestazio eta euskarriak barne hartzen dituen Gizarte Zerbitzu Sistema hedatuz, bizi-sistema espezifiko baten arabera bizitzera derrigortu gabe, komunitatetik isolatuta edo baztertuta egon gabe. Zehazki: bizimodu independentea izateko eta komunitatean parte hartzeko behar besteko prestazio ekonomikoa (laguntza pertsonal bermatua), bizimodu independentea eta desinstituzionalizazio-prozesuak bultzatuko dituzten zerbitzu eta prestazioen eskaintza zabal eta anitza, koordainketaren arloan aplikatzekoak diren neurrietan desgaitasunaren gainkostua kontuan hartuz
  4. Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzea, ekintza positiboko neurriak sustatuz desgaitasuna duten pertsonak etxebizitza eskura dezaten, bizimodu independenterako beharrezko baldintza bezala, eta aurrekontu-hornidura gehituz eta etxebizitza-parke osoko irisgarritasun unibertsalerako laguntzak eskuratzeko baldintzak emanez
  5. Autonomia pertsonalerako eta komunitatean parte hartzeko laguntza-produktuen eskaintza bermatzea. Eskaintza zabala, anitza laguntza publikoekin finantzatutakoa, indibidualizatua, pertsona bakoitzaren behar aldakorretara etengabe egokitzen dena, eta baita bere errealitatera, ingurura eta bizimodura ere, etengabe berritzen dena, merkatuko garapen teknologikoak barne hartuz.
  6. Eremu bakoitzean (gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, osasuna, kirola kultura, garraioa etab.) eskumena duten administrazio publiko guztien arteko koordinazio egokia hedatzea, pertsonen osotasuna zeharkakotasunaren bidez landuz, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik zentralizatutako esku-hartze ereduaren bitartez, horiek arduratuko baitira kasua koordinatzeaz eta komunitatean dauden laguntza eta baliabide guztiak dinamizatzeaz.
  7. Udal-eskumeneko Etxeko Laguntza Zerbitzua garatzea, zerbitzua behar duten pertsona guztiek beren beharrizanak modu egokian, behar bezala eta malgutasunez asetzeko aukera izango dutela ziurtatuz, zerbitzuaren garapen eta diseinuan erabiltzaileen parte-hartzea bultzatuz eta bizilekuaren araberako desberdintasunak kenduz.
  8. Autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako prestazio ekonomikoak garatzea, eta baita zaintzaileak laguntzeko beste edozein prestazio edo zerbitzu ere, horren ondorioz desgaitasuna duten pertsonak baztertu gabe, mendekotasun-egoeran dauden beste pertsona batzuk zaindu edo laguntzeko zereginak burutzeko gaitasunik ez dutenaren ustea zabaltzea ekidinez.
  9. Bakoitzak bere eskumenaren eremuan jarduketak eta eremuak garatzea (besteak beste: enplegurako laguntzak eta enpresentzako kenkari fiskalak), desgaitasuna duten pertsonek askatasunez aukeratu edo onartutako lanaren bidez bizimodua ateratzeko eskubidea gauza dezaten lan-merkatu eta lan-inguru ireki inklusibo eta irisgarrian, enplegu arrunta, autoenplegua eta ekintzailetza, eta enplegu publikoa lortu eta mantentzea bultzatuz, ekintza positiboko neurriak eta lanpostuetako egokitzapenak sustatuz.
  10. Udal-ordenantzak zehaztu eta hedatzea, eta aparkatzeko txartelaren eta erreserbatutako aparkalekuen eremuan irizpideak bateratzea, desgaitasuna duten pertsonentzako neurri egokiak jaso ditzaten. Beste gai batzuen artean, mugikortasun urriko pertsonen aparkatzeko txartelen erabilera egokia ziurtatzea, aplikatzekoak diren irizpideak bateratuz, udalerrien arten desberdintasunik egon ez dadin.
  11. Aisialdi, kultura eta kirol eskaintza egokia, irisgarria eta behar bestekoa bermatzea, desgaitasuna duten pertsona guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten, adin eta behar desberdinetara egokituak, komunitateko jardueretan, gainerako herritarrekin batera.
  12. Desgaitasunaren gainkostua kontuan hartuko duten neurri fiskalak garatzea (hobariak, kenkariak, salbuespenak edo zerga-arinketak), gaitasun ekonomikoa aukera-berdintasunean egon dadin gainerako pertsonekin alderatuta, eta bizimodu independenteko prozesuak bultzatuz.
  13. Desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea bermatzea, ordezkatzen dituzten erakundeen bidez, eurei dagozkien politika ofizialak egin, bete, jarraitu eta ebaluatzerakoan, kode zibilaren printzipioa betez. Horretarako, sustatu egin behar dira elkarte-sarea, elkarteen dinamizazioa eta Elkarte Mugimenduak pertsona ahulenen eskubide eta interesak defendatu eta aldarrikatzerakoan duen berezko eta funtsezko eginkizuna.
  14. Euskadiko Hirugarren Sektore sozialeko gizarte-ekimenaren arloko erakundeek garatzen dituzten interes orokorreko jardueren jasangarritasuna ziurtatu eta bermatzea, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren garapenean (“pertsonak artatzeko prestazio eta zerbitzu berriak martxan jartzearekin lotuta dauden jarduera berritzaile eta esperimentalak;elkarte-sarea babesteko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduerak;plangintza hobetzera, zerbitzuen antolaketako eta arretaren eskaintzako kalitatea bermatzera eta hobetzera, eta praktika profesionala hobetzera zuzenduta dauden ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak”), Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legean eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean aintzatesten diren formula juridikoak aplikatuz: hainbat urtetarako lankidetza-hitzarmenak eta lankidetzarako esparru-akordioak.