Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2020-10-14 × 

elkartuk egoitzetako bisitak eta irteerak arautzen dituen Foru Aginduaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du

elkartuk (Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) hautazko berraztertze-errekurtsoa aurkeztu du Gizarte Politikako Departamentuko foru diputatuaren irailaren 25eko 700/2020 Foru Aginduaren aurka. Agindu honen bidez, adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetako bisitak eta irteerak arautzen dira, zirkulazio askerako oinarrizko eskubidea urratuz eta egoitza-zentroen erabiltzaile diren desgaitasuna duten pertsonekiko diskriminazio-egoera sortuz.

Foru Aginduak ezartzen du, ibilaldi terapeutikoen izaera izango duten irteerei dagokienez, zentroaren inguruan dauden espazio irekietan egingo direla, senitartekoek edo hurbilekoek lagunduta (gehienez bi), eta astean bi irteera egingo direla gehienez, horietako bakoitzak gehienez ordubeteko iraupena izango duela. Era berean, zentroak berak erabakiko ditu irteeren ordutegiak.

elkarturen iritziz, egoitza-zentroetan irteerak egiteko ezarritako baldintzek mugatu egiten dute, ia erabat, desgaitasuna duten pertsonen zirkulazio askerako eskubidea, bai eta erabakitzeko askatasunerako eskubidea ere, eta desgaitasunagatiko diskriminazio-kasu larri batean erortzen dira, biztanleria osoarentzat aurreikusi gabeko baldintzak ezartzen bait dituzte Covid-19k eragindako pandemiaren esparruan.

Ezarritako errekurtsoak argudiatzen du Foru Aginduan ezarritako bisiten eta irteeren erregulazioak honako eskubide hauek urratzen dituela: zirkulazio eta desplazamendu askatasunerako eskubidea; askatasun pertsonalerako eskubidea; berdintasunerako eskubidea; legezkotasun-printzipioa; erabakietan parte hartzeko eskubidea; modu independentean bizitzeko eta komunitatean sartzeko eskubidea; autonomia eta erabakitzeko askatasuna.

Era berean, zalantzan jartzen du ezarritako erregulazioaren legezkotasuna; izan ere, zirkulazio askerako oinarrizko eskubidearen murrizketa eta gabetze praktikoa ez dago lege-erreserbaren printzipioari lotuta, eta ez ditu funtsezko bi baldintza betetzen: konstituzioaren arabera legitimoa den helburu bat lortzea eta proportzionaltasun-printzipioa betetzea.

Bestalde, elkartuk salatu du Foru Aginduaren edukia kontraesanean dagoela zentro soziosanitarioetan Covid-19a zaintzeko eta kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2020ko irailaren 22an egindako protokoloarekin, ez bait ditu murrizketa horiek aurreikusten irteeretarako. Are gehiago, agerian geratzen da Gipuzkoan ezarritako erregulazioa murriztaileagoa dela Bizkaian eta Araban aurreikusitakoak baino, eta horrek sakondu baino ez du egiten desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-ereduaren bereizketan eta bazterketan.

Azken batean, elkartuk irailaren 25eko 700/2020 Foru Aginduan aurreikusitako irteera-araubidea bertan behera uzteko eta elkarrizketa prozesu bat hasteko eskatzen du,  lankidetza-gobernantzaren esparruan, desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeekin, erantzukizun publikoko zerbitzuen kudeatzaileez harago, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren esparruan aitortutako eskubideak bermatuko eta errespetatuko dituen irteera-araubide bat arautzeko.