Elkarteanek Euskadiko autobus-garraio publikoaren irisgarritasun-baldintzak hobetzeko beharra antzeman du
Elkarteanek, Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak, Euskadiko autobus-garraio publikoaren irisgarritasun-baldintzei buruzko azterlana kaleratu berri du. Azterlanak, Euskadiko autobus-zerbitzuaren irisgarritasun unibertsaleko baldintzak defendatzea eta sustatzea izan du xede, eta, dagoeneko ikusgai dago elkarteanen, eginaren eginezen, fekoorren eta elkarturen webguneetan.
Elkarteanek autobus-garraio publikoaren irisgarritasun-baldintzak hobetzeko burutu duen azterlanarekin, “gizartea eraldatzeko aldarrikapen-lanarekin” jarraitzen du, “sinetsita gaudelako lortutako emaitzek aukera emango digutela kolektiboari berari, erakunde publiko eta pribatuei eta herritarrei, oro har, gizarte erabat inklusiboa lortzeko” aldarrikatu dute.
Oraingo honetan, Euskadiko autobus-garraio zerbitzuan dauden irisgarritasun unibertsaleko baldintzak aztertu dituzte lau helburu zehatzekin: legez aurreikusitako irisgarritasun unibertsaleko baldintzen betetze-maila zein den ezagutzea; informazioa sistematizatzea, dagozkion hobekuntza-proposamenak egiteko; zerbitzua erabiltzen duten desgaitasun fisikoa duten pertsonen iritzia ezagutzeko, eta, bide batez, euren partehartzea sustatzeko; eta, datuak jasota, behar diren neurriak diseinatzeko herritar guztiak eta erakunde eskudunak kontzientziatzeko.
Elkarteanetik aditzera eman dutenez, azterketan desgaitasuna duten pertsonek modu aktiboan parte hartu dute. Guztira, 16 pertsonek (gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten 10, gurpil-aulkirik erabiltzen ez duten mugikortasun urriko 3 eta ikusmen-desgaitasuna duten beste 3) parte hartu dute, eta, 37 joan-etorri egin dituzte. Bidaietan, autobusen erabileran irisgarritasun-katea osatzen duten hiru elementu aztertu dituzte: txartelak erostea, ibilgailu beraren irisgarritasun baldintzak eta autobus geltokietakoak.
Gabeziak antzeman dira
Azterketak ondorioztatzen duenez, oraindik ere gabeziak esanguratsuak dira. Elkarteanek autobus bidezko garraio publikoaren irisgarritasun-baldintzetan “aurrerapausoak” eman direla onartu arren, “oraindik oztopo handiak” daudela azpimarratu du, eta desgaitasuna duten pertsonek berdintasun baldintzetan bidaiatzeko “eragozpenak” dituztela.
Gabezien artean, besteak beste, hauek antzeman dira: txartelak erosteko garaian, gurpil-aulkia erabiltzen dutenentzako guneetan edo mugikortasun urria duten pertsonentzako eserlekuetan bidaiatzeko txartelik ezin izan dela erosi; irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan, zerbitzuan eragozpenak egon diren kasu gehienetan (% 69) ez dela beste garraio motarik eskaini; geltokietako irisgarritasunari dagokionez, berriz, sarbideetan, seinaleztapenean, informazio eta komunikazioan, edota, seinaleztapenean arazoak topatu dira.
Egoera honen aurrean, eta, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako eskubideak “erabat eta eraginkortasunez bermatzeko” Elkarteanek dekalogo bat osatu du, eta, elkarteak adierazi duenez “dekalogoa aplikatuz gero, gure eskubideak bermatzeko urrats esanguratsua emango genuke”.
Aipatu eskubideak bermatzeko, dekalogoan hamar neurri hauek jasotzen dira: garraioaren irisgarritasunaren arloan indarrean dauden arauak benetan eta eraginkortasunez betetzea; txartelak erosteko orduan telematikoki, telefonoz edo aurrez aurre erosteko aukera ematea; modu egokian bidaiatzeko aukera emango duten mekanismoak eta prozedurak jartzea; sarbide irisgarriak egokitzea; gurpil-aulkia erabiltzen dutenentzako guneak eta mugikortasun urriko pertsonentzako eserlekuak ziurtatzea; autobusetako seinaleei eta informazioari dagokienez legez ezarritako irisgarritasun-baldintza teknikoak betetzea; gaitasuna duten gidariak kontratatzea; autobus-geltokietan legez ezarritako irisgarritasun-baldintzak kontuan hartzea; garraio publikoaren erabileran esku hartzen duten eragile guztiek (erakunde publikoak, operadore pribatuak, desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen ditugun Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeak, etab.) osatutako jarraipen-mahai edo -batzordeen eraketa eta funtzionamendua eraginkortzea; eta, azkenik, kontratazio publikoa garraio publikoan irisgarritasun unibertsaleko baldintzak sustatzeko tresna eraginkor bihurtzea.
Azterlana Elkarteanen webgunean (www.elkartean.org) eta lurraldetako elkarte ezberdinetako webgunetan deskarga daiteke: eginaren eginez (www.eginez.org), elkartu (www.elkartu.org) eta fekoor (www.fekoor.com).