Desgaitasuna duten emakumeak indarkeria matxistaren aurrean informatzeko gida
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak, (Elkarteanek)Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakume desgaituei zuzendutako Eskubideen Gida bat egin du. Baliabide honek funtsezko informazioa eskaintzen du beraien eskubideei buruz, eskura dauden laguntza-zerbitzuei buruz eta beraien babeserako estrategiei buruz.
Elkarteanek azpimarratzen du desgaitasuna duten emakumeek "arrisku handiagoa" dutela genero-indarkeria jasateko mendekotasuna, baliabideetarako irisgarritasunik ezagatik eta beren errealitatea ikusezina bihurtzeen delako. Gidak jasan ditzaketen indarkeria motak zehazten ditu, eta tresnak ematen dizkie bai emakumeei, bai haien ingurune hurbilari eta baita erreferentziazko profesionalei.
Dokumentua funtsezko hamar jardun-arlotan egituratzen da: Gizarte Zerbitzuak; laguntza ekonomikoak; etxebizitza; hezkuntza; enplegua; bizitza independentea izateko laguntza; zerbitzu juridikoak; arreta psikologikoa; larrialdi-zerbitzuak eta sexu-indarkeria
Informazio praktikoa eta irisgarria biltzeaz gain, emakume horiek aurre egiten dieten desberdintasuna eta diskriminazioa erakusten du gidak. Berdintasun Ministerioaren 2019ko Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko Makroinkestaren datuen arabera, desgaitasuna duten emakumeen % 40,4k indarkeria jasan du bikotean, eta desgaitasunik ez dutenen kasuan ordea % 31,9k. Indarkeria fisikoaren edo sexualaren kasuan, desgaitasuna duten emakumeen zifra % 20,7ra igotzen da, desgaitasunik ez duten emakumeen kasuan ordea % 13,8ra.
Baliabide irisgarriak
Elkarteanek arreta-baliabideak guztientzat irisgarriak izatearen beharrizana azpimarratu du "oztopo fisikorik, sentsorialik edo komunikaziozkorik gabe". Halaber, prestakuntza espezifikoa eskatu du osasun, justizia eta gizarte zerbitzuetako langileentzat, kolektibo horretan "indarkeria matxista antzeman, prebenitu eta horren aurrean jardun ahal izateko” xedearekin.
Halaber, elkarteak politika publiko inklusiboen eta sentsibilizazio sozial handiago baten garrantzia nabarmendu du emakume horien aurkako "indarkeria eta diskriminazioa betikotzen duten aurreiritziak eta estereotipoak ezabatzeko".
Ahalik eta emakume gehienengana iristeko, Elkarteanek komunikazio-kanpaina bat abiarazi du sare sozialetan, eta gida argitaratu du bere webgunean (www.elkartean.org) eta bere lurralde-elkarteen plataformetan: Eginaren Eginez (www.eginez.org), Elkartu (www.elkartu.org) eta Fekoor (www.fekoor.com).
Elkartearen arabera, gida hau "desgaitasuna duten emakumeentzako funtsezko baliabidea izateaz gain, erreferentziazko tresna da indarkeria matxistaren biktimei arreta eta babesa ematen lan egiten duten profesionalentzat eta erakundeentzat".