Bizimodu independenterako Programaren ebaluazioa
elkartuk, UPV/EHUrekin batera, ikerketa-proiektu bat egin du Gipuzkoako Bizimodu Independenterako Programa ebaluatzeko.
Programa hori 2004an sortu zen esperimentalki, eta, gaur egun, abenduaren 23ko 87/2008 Foru Dekretuak arautzen du. Dekretu horren bidez, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzako Etxean programako banakako laguntzak arautzen dira. Programa horretan, “18 urtetik gorakoek bizimodu independentea egin ahal izateko laguntzak” jasotzen dira diruz lagundu daitezkeen laguntza-moten artean, “baldin eta egoitza-baliabideak baztertu eta bakarrik edo beren familia osatuta bizitzea aukeratzen badute”.
20 urte igaro dira Bizimodu Independenterako Programa onartu zenetik, eta nazioarteko, estatuko, autonomia-erkidegoetako eta foru-aldundietako desgaitasunaren arloko arauen eta politiken bilakaera kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da programa ebaluatzea. Horri esker, hasiera batean planteatutako helburuak lortzen zein neurritan lagundu duen aztertu eta ondorioztatu ahal izango da, bai eta desgaitasunaren arloko foru-politikak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren eskakizunetara erabat egokitzeko beharreko neurriak zehaztu ere.
Programaren eragina hainbat ikuspegitatik aztertzeko, ikerketak honako eremu hauek jorratzen ditu:
- Alderdi orokorrak; parte-hartzaileen profilaren ezaugarriak, eta Bizimodu Independenterako Programako laguntzak eskuratzearekin eta programaren garapenean izandako parte-hartze eta gorabeherekin lotutako gaiak.
- Gizarte-eremua; bizimodu independentearen ereduak ematen duen inklusio-mailaren azterketa.
- Eremu psikologikoa; bizimodu independentearen ereduak ongizate emozionalean eta desgaitasuna duten pertsonen ahalduntzean nola eragiten duen egiaztatzea.
- Eremu ekonomikoa. Bizimodu independentearen ereduaren errentagarritasun ekonomikoa aztertzea, baliabide publikoen eraginkortasuna bermatzeko modu gisa.
Ikerketak egiaztatu duenez, bizimodu independentearen ereduak desgaitasuna duten pertsonen gizarte-inklusioa bermatzen du, bai eta gainerako pertsonek duten osasun emozional berbera izatea ere, eta, horrela, ahalduntzea eta aukeratzeko askatasuna bultzatzen ditu beren bizitzako alderdi guztietan. Era berean, inbertsio publikoak desgaitasunaren arloko politiken eta neurrien eraginkortasuna bultzatuko duen itzulketa ekonomiko handia bermatzen du.
Azterlanaren amaieran, dekalogo gisa, Bizimodu Independenterako Programa finkatzen, bultzatzen eta garatzen esku hartu behar duten eragileentzako proposamen eta gomendio multzo bat dago:
- Bizimodu Independenterako Programa Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroan sartzea.
- Laguntza pertsonaleko zerbitzuaren kostu osoa ordainduko dela bermatzea.
- Diru-sarrera gutxien dituzten pertsona desgaituek programan parte har dezaten sustatzea.
- Desgaitasuna duten gazteen parte-hartzea bultzatzea.
- Desgaitasuna duten landa-eremuko pertsonek programan parte har dezaten bultzatzea.
- Programa bultzatzea, desinstituzionalizazio-prozesuak diseinatzeko eta garatzeko tresna den aldetik.
- Etxebizitzen alokairua (eta batez ere alokairu soziala) sustatzeko politika publikoen gauzapena bultzatzea.
- Laguntza pertsonala kontratatzeko transferentzia ekonomikoari laguntzeko baliabide osagarria eratzea (Bizimodu Independentearen Bulegoa).
- Desgaitasuna duten pertsonen artean programaren ezagutza sustatzeko estrategia bultzatzea.
- Bizimodu independentearen ereduaren ezagutza sortzea eta partekatzea sustatzea.
Dokumentua eskuragarri dago elkarturen webgunean.