Manifestua Desgaitasuna duten Pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna
Elkartean plataformak (EAEko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Konfederazio Koordinatzailea), desgaitasun fisikoa duten herritarrak ordezkatu, defendatu eta horien aldeko aldarrikapen-ekintzak burutzen ditu. Abenduaren 3a, Desgaitasuna duten pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna dela eta, aldarrikatu nahi dugu, NON, NOLA ETA NOREKIN BIZI GAREN ERABAKITZEKO ESKUBIDEA gauzatu ahal izatea, beste pertsonen baldintza berdinetan, bizimodu-sistema jakin baten arabera bizitzera behartuak izan gabe, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 19. artikuluak xedatutakoa betez (Modu independentean bizitzeko eta komunitatean parte hartzeko eskubidea).
Covid-19ak eragindako egungo krisialdi sanitario, sozial eta ekonomikoak inoiz ez bezala erakutsi du instituzionalizazioan oinarritutako politikek izaera bereizlea dutela; izan ere, urratu egin dira desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroen erabiltzaileen oinarrizko eskubideak, beren bizitzako alderdi oinarrizkoenei buruz erabakitzeko eskubidea kendu baitzaie.
Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zenetik 14 urte igaro diren honetan, Euskadiko erakundeek desgaitasunaren arloko politiketan Bizimodu Independentearen ereduaren aldeko apustu irmoa egin dezatela eskatzen dugu, oraindik ere asistentzialismoan eta instituzionalizazioan oinarritzen diren ikuspegiak behin betiko gaindituz. Erakundeen konpromiso irmoa aldarrikatzen dugu, esparru juridikoan ezarritako gizarte-inklusio, parte-hartze aktibo, normalizazio, aukera-berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioetan oinarrituta.
Horretarako, BALDINTZA HAUEK BERMATU BEHAR DIRA:
- LAGUNTZA PERTSONAL BERMATUA, bizimodu independentea garatzeko eta komunitatean parte hartzeko behar besteko prestazio ekonomikoarekin.
- ETXEBIZITZA DUINA, EGOKIA ETA IRISGARRIA, beharrezkoak diren irisgarritasun-baldintzak dauzkan bizitokia eskuratu ahal izateko oztopoak gainditzen dituzten neurriak sustatuz.
- GUTXIENEKO DIRU SARRERAK BERMATZEA, bizimodu duina garatzeko aukera izan dezagun, bizirauteko beharrezkoak diren gastuak eta bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean besteen baldintza berberetan parte hartzeak dakartzan gastuak ordaintzeko ahalmenaz, desgaitasunak dakarren gainkostua kontuan hartuta.
- Etxean autonomia pertsonala izateko eta komunitatean parte hartzeko beharrezkoak diren LAGUNTZA PRODUKTUAK.
- OSASUN ARRETA, desgaitasun-arrazoiengatiko diskriminaziorik gabe, espazio eta gailu irisgarriekin osasun-arreta egokia eskuratzeko aukera bermatuz, bazterketarik edo desberdinkeriarik gabe, gainerako biztanleen baldintza berdinetan.
- Eskaintza zabala eta askotarikoa duten GIZARTE ZERBITZUAK, bizimodu independentea eta desinstituzionalizazioa garatzen laguntzera bideratuak, eta baliabide komunitarioen laguntza garrantzitsutzat joko dutenak.
BALDINTZA HORIEK BETETZEN BADIRA BAKARRIK GAUZATU AHAL IZANGO DUGU NON, NOLA ETA NOREKIN BIZI NAHI DUGUN ERABAKITZEKO ESKUBIDEA, BESTE EDOZEIN PERTSONAK BEZALA.