Irisgarritasuna bermatzeko planak eta obrak egiteko diru-laguntzen deialdia
Tokiko organismo autonomoentzako, toki-erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzen deialdia egin da, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko xedez.
Irisgarritasun-planen eta plan horien eguneratzeen xedea izango da egungo hiri-inguruneak, gune publikoak, eraikinak, garraioak eta informazio-sistemak Irisgarritasuna Sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta horren garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara modu progresiboan egokitzea.
Hobekuntza-obrak Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko hiri-ingurunean eta sarrera edo erabilera publikoko eraikinetan irisgarritasuna bermatzera bideratuko dira, abenduaren 4ko 20/1997 Legearen eta horren garapen-arauen baldintzak kontuan izanda.
Diruz lagun daitezkeen jarduketak hurrengoak dira:
- Irisgarritasun-planak egin eta idazteko lanak eta plan horiek eguneratzeko lanak.
- Hiri-izaerako plataforma jasotzaileak eta igogailuak jartzeko obrak.
- Eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko obrak. Halakotzat hartzen dira honako obra hauek: igogailu eta plataforma jasotzaileak, arrapalak, komun eta aldagela egokituak, ateak eta eskudelak.
- Hiri-ingurunean egindako obrak, arrapala ez-mekanikoak egiteko, ibiak sortzeko eta eskudelak instalatzeko.
- Kaleak urbanizatzeko obrak. Halakotzat hartzen dira honako obra hauek: espaloiak zabaltzea, zoladura podotaktilak instalatzea, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku-plazak erreserbatzea, oinezkoen ibilbideak laburtzen dituzten oinezkoentzako pasabideak, kaleko plataforma bakarra, eta zuhaitz-txorkoak ixtea.
- Eraikinetan seinaleak eta ekipamendu egokitua eskuratzea eta instalatzea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.