Gizarte Politiketako Kongresuan elkarturen parte hartzea
elkartuk 2017ko otsailak 16 eta 17an Sevillan egingo den Gizarte Politiketako VI. Kongresuan parte hartzen du bere Komunikazioa aurkezten: “Gipuzkoako desgaitasun fisikoa duten pertsonen egoera eta beharrizanei buruzko azterketa-diagnostikoa. Gizarte bazterketaren diagnostikorako tresnen erabilera: desgaitasunaren arloan gizarte politikak diseinatzeko datuak eta ondorioak”.
Komunikazioaren bitartez “Gipuzkoako desgaitasun fisikoa duten pertsonen egoera eta beharrizanei buruzko azterketa-diagnostikoa ”ren datuak, ondorioak eta ekarpenak partekatuko dira, bereziki Gizarte Zerbitzuak araututako gizarte bazterketaren diagnostikorako tresna erabilita ondorioztatzen diren hurrengo datuak:
- Desgaitasun fisikoa duten elkarrizketatuen artean, % 30,4 gizarteratuta daude (Gipuzkoako biztanleriari dagokionez, % 55,8), % 36,3 gizarte-bazterketako arrisku-egoeran daude (Gipuzkoako biztanleriari dagokionez, % 31,8), eta % 33,3 gizarte-bazterketako egoeran daude (Gipuzkoako biztanleriari dagokionez, % 12,4).
- Sortzetiko desgaitasuna duten elkarrizketatutako pertsonen artean, % 41,2 gizarte-bazterketako egoeran daude (gerora sortutako desgaitasuna dutenei dagokienez, % 25,5), eta %37,3 gizarte-bazterketako arriskuan (gerora sortutako desgaitasuna dutenei dagokienez, % 35,3).
- % 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten elkarrizketatuen artean, % 41,9 gizarte-bazterketako egoeran daude (% 33 - % 64 arteko desgaitasuna dutenei dagokienez, %10,7).
- Desgaitasun fisikoa izanik egoitzabaliabide bat erabiltzen duten elkarrizketatuetako inor ez dago gizarteratze-egoeran (etxebizitza partikular batean bizi direnei dagokienez, % 37,8), % 25 gizartebazterketako arriskuan daude (etxebizitza partikular batean bizi direnei dagokienez, % 39) eta % 75 gizarte-bazterketako egoeran daude (etxebizitza partikular batean bizi direnei dagokienez, % 23,2).
- Bizitza Independenterako Programa baliatzen duten elkarrizketatutako pertsonen artean, % 55,6 gizarteratuta daude, % 11,1 gizarte-bazterketako arriskuan eta % 33,3 gizartebazterketako egoeran.
- Ikasketarik ez duten elkarrizketatutako pertsonen artean, % 72,7 gizartebazterketako egoeran daude.
- Pentsiodunak diren elkarrizketatutako pertsonen artean, % 38 gizartebazterketako egoeran daude; lanean daudenei dagokienez, % 16,7 eta langabezian daudenei dagokienez, %13,3.
- Pobrezia larriko egoeran dauden elkarrizketatutako pertsonen artean, % 64,3 gizarte-bazterketako egoeran daude; pobrezia erlatiboan daudenei dagokienez, % 15,4 eta pobreziarik ez dutenei dagokienez, % 31,1.
- Gizarte-bazterketako egoeretan, funtsezko pisua gizarte-faktoreek dute. Izan ere, elkarrizketatutako pertsonen % 78,5en kasuan, gizartedimentsioarekin lotutako adierazleak ahultasun- edo bazterketa-egoeran daude; bizikidetza-dimentsioari dagokionez, % 60,8, eta dimentsio pertsonalari dagokionez, % 45,1.
“Gipuzkoako desgaitasun fisikoa duten pertsonen egoera eta beharrizanei buruzko azterketa-diagnostikoa ” elkarturen web orrian aurkitu daiteke bai bertsio osoan bai laburpen exekutiboan , eta gizarte politiketarako bost ardatz adierazten ditu desgaitasun fisikoa duten pertsonen gizarte bazterketa egoera saihesteko edota honen aurka lan egiteko:
- Hezkuntza inklusiboa, ikasle guztien nortasuna ahal den eta gehien garatzea sustatuko eta ikasleen premiak aseko dituen hezkuntza-eskaintza eta ingurunea bermatuko dituena.
- Enplegua lan-ingurune inklusibo, arrunt eta irisgarri batean, berdintasuneko eta bereizketarik ezeko printzipioak erabat bermatzeko.
- Bizitza-eredu independentea, desgaitasun fisikoa duten pertsonek bizitzeko egoitza eta non eta norekin bizi hautatzeko aukera izan dezaten, bizi-sistema jakin baten arabera bizi izan behar izan gabe; horretarako, beharrezkoak eta egokiak diren baliabide eta laguntza guztiak izan behar dituzte, komunitateko bizitzan partaidetza aktiboa bermatzeko.
- Pertsona guztientzako diseinua eta irisgarritasun unibertsala, inguru, prozesu, ondasun, produktu, zerbitzu, objektu, tresna, erreminta eta gailu guztiak (sortzen direnetik, egokitu behar izan gabe eta diseinu espezializaturik izan gabe) ulergarriak, erabilgarriak eta praktikagarriak izan daitezen pertsona ororentzat, segurtasun eta erosotasun baldintzetan, eta ahal bezain modu autonomo eta naturalenean.
- Desgaitasun fisikoa duten pertsonen partaidetza erabatekoa eta eraginkorra haiei eragiten dieten erabaki publikoak hartzean, haien kabuz edo ordezkaritza-erakundeen bitartez, norbera eta taldea ahalduntzeko tresna gisa.