Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2016-04-13 × 

Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela arautzen duen Dekretu berria Euskadin

Indarrean sartu da 50/2016 Dekretua, martxoaren 22koa, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatze-txartela arautzen duena, batetik bestera joateko erabiltzen dituzten ibilgailuak behar duten lekutik ahalik eta hurbilen aparkatzeko aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskubidea egiaztatzen duena.

Aparkatze-txartela lortzeko eskubidearen pertsona titularrak honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko udalerritariko baten egoiliar izanik, ondoko kasuren baten daudenak:

1.– Desgaitasuna duen pertsonaren kondizioa ofizialki aitortua duten pertsona fisikoak eta, horrez gain, honako egoeratakoren baten badaude:

  • a) Mugikortasun urria dutenak, eta dagokion lurralde historikoko foru aldundiko balorazio- eta orientazio-zerbitzuak emandako aldeko irizpena badu urritasun horrek.
  • b) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna, zuzendu ostean, 0,1ekoa edo beheragokoa dutenak, edo ikus-eremu murriztua 10 gradukoa edo gutxiagokoa dutenak (kasuan kasuko lurralde historikoko foru aldundiko Balorazio eta Orientazio Zerbitzuak emango du irizpena).

2.– Mendekotasun-egoeran izan eta aurreko betekizunak konplitzen dituzten pertsona fisikoak.

3.– Gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonak, zeintzuetaz irizpena eman baitu dagokion lurralde historikoko foru aldundiko balorazio- eta orientazio-zerbitzuak.

4.– Mendekotasun-egoeran diren 3 urtetik beherako pertsonak, bizitzeko funtzioei eusteko ezinbestean eta etengabe aparatu teknikoak behar dituztenak (gurpil-aulki espazialak, arnasketa-aparatuak...), edo 4. edo 5. motako desgaitasun-balorazioa izan dutenak (patologia larria edo oso larria), hain justu ere dagokion lurralde historikoko foru aldundiko balorazio- eta orientazio-zerbitzuaren eskutik.

5.– Mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonen kolektiboa garraiatzera bakarrik erabiltzen diren ibilgailua egokituen zerbitzuak emateko diren ibilgailuen pertsona fisiko edo juridiko titularrak.

Aparkatzeko txartelaren titularrek jarraian adierazitako eskubideak izango dituzte, betiere ibilgailuaren barnealdean txartela ikusteko moduan jartzen badute:

  • a) Bizilekutik nahiz lantokitik hurbil aparkatzeko erreserba, aurretiaz dagokion administrazioari behar bezala eskaera eginda eta horretarako beharrizana justifikatuta, autonomiako eta tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzei jarraikiz. Aparkalekuak irisgarritasunaren nazioarteko ikurraren seinalea izango du.
  • b) Desgaitasuna duten pertsonentzat prestatutako lekuetan aparkatzea.
  • c) Denbora mugatua duten aparkaleku-guneetan behar beste denbora aparkatzea, bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoari eragin gabe.
  • d) Zamalanetarako erreserbatutako guneetan gelditzea edo aparkatzea, udalek ezarritako zehaztapenekin bat etorriz, betiere kalterik egiten ez bazaie oinezkoei edo trafikoari.
  • e) Bidearen edozein lekutan geldialdia egitea, justifikatutako arrazoiengatik eta ezinbesteko denboran, betiere oinezkoei edo trafikoari kalterik eragiten ez bazaie eta autoritate-agenteek emandako jarraibideekin bat etorriz.
  • f) Zirkulazioa egoiliarrentzat mugatuta dagoen bide, gune edo eremuetara sartzea, betiere destinoa eremu horren barnealdean badago.

Dekretuaren prozesuan txartela orokortzearen arriskua adierazi du elkartuk, baita erreserbaturiko aparkalekuak gehitzeko beharra eta kontrol lanak areagotzearenak, baina ekarpen hauek eta beste batzuk ez dira azkenik jaso behin-betiko testuan.