Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna. Elkartean Manifestua.
ELKARTEANek (EAEko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Konfederazio Koordinatzailea), desgaitasun fisikoa duten herritarrak ordezkatu, defendatu eta haien aldeko aldarrikapen-ekintzak burutzen dituen plataformak, Desgaitasuna duten Pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna dela eta, aldarrikatu nahi du, NON, NOLA ETA NOREKIN BIZI GAREN ERABAKITZEKO ESKUBIDEA gauzatzea, gainerako pertsonen baldintza berdinetan, bizimodu-sistema jakin baten arabera bizitzera behartuak izan gabe, Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 19. artikuluak xedatutakoa betez (Modu independentean bizitzeko eta komunitatean aintzat hartuak izateko eskubidea).
Bizimodu independentea honako hau da: "desgaitasuna duen pertsonak bere bizitzari buruzko erabakiak hartzeko ahalmena gauzatzerakoan eta bere komunitatearen bizitzan modu aktiboan parte hartzerakoan sortzen den egoera, bere nortasuna askatasunez garatzeko eskubidearekin bat etorriz" (Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren 2.h) artikulua).
Gure bizitokia hautatzeko, non eta norekin bizi nahi dugun hautatzeko benetako aukera dugunean BAKARRIK GAUZATU AHALKO DA bizimodu independentea izateko daukagun eskubidea. instituzionalizatuta edo bizimodu-sistema jakin baten arabera bizitzera behartuta ez gaudenean; horretarako, komunitatetik isolatuta edo bananduta egotea ekidingo duten beharrezko baliabide eta laguntza egokiak erabiliz, gure partaidetza aktiboa bermatzeko.
ELKARTEANek defendatzen duen Bizimodu Independentearen Eredua, gure eskubideen ezagutzan, errespetuan eta sustapenean oinarritzen den ikuspegiaren barruan dago, ikuspegi asistentziala gaindituz, desgaitasuna duten pertsonak eskubideak dituzten subjektutzat hartzen dituen ikuspegia hartzeko, eta ez arreta eta babesa behar duten subjektu huts bezala, indarreko esparru arauemailean jasotzen diren gizarte-inklusioaren, normalizazioaren eta zeharkakotasunaren printzipioetan oinarrituz. Horrek esan nahi du:
- Beharrezko aukerak baliabideak edukitzea, bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntza- eta lan-arlokoan eta bizitza kulturalean bete-betean parte hartu ahal izateko eta bizi baldintzez gozatzeko, gainerakoen baldintza berdinetan.
- Gainerakoen baldintza berdinetan bizi ahal izatea, edozein pertsonaren eskura dauden leku, eremu, ondasun eta zerbitzuez baliatu ahal izateko.
- Jarduerak ez izatea desgaitasuna duten pertsonentzako bakarrik pentsatutako plan, programa eta ekintza espezifikoak soilik, baizik eta politika eta ekintza-ildo orokorrak barne hartu ditzatela jarduera publikoko edozein eremutan.
Desgaitasuna dugun pertsonok Bizimodu Independentea izateko dugun eskubidea gauzatu ahal izateko, BERME ETA BALDINTZA HAUEK EDUKI BEHAR DITUGU:
- ETXEBIZITZA DUINA, EGOKIA ETA IRISGARRIA, beharrezkoak diren irisgarritasun-baldintzak dauzkan bizitokia eskuratu ahal izateko oztopoak gainditzen dituzten neurriak sustatuz.
- GUTXIENEKO DIRU SARRERAK BERMATZEA, bizimodu duina garatzeko aukera izan dezagun, bizirauteko beharrezkoak diren gastuak eta bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean besteen baldintza berberetan parte hartzeak dakartzan gastuak ordaintzeko ahalmenaz, desgaitasunak dakarren gainkostua kontuan hartuta.
- LAGUNTZA PERTSONALA, egunerokotasuneko oinarrizko jarduerak egiteko eta komunitatean bete-betean parte hartu ahal izateko aukera izan dezagun, eta baita bizimodu independentearen proiektua garatzeko beharrezkoak diren baliabide eta laguntzak ere.
- LAGUNTZA PRODUKTUAK, desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala eta aukera-berdintasuna bultzatzeko.
- IRISGARRITASUN UNIBERTSALA ETA PERTSONA GUZTIENTZAKO DISEINUA, pertsona guztiek ondasun, produktu eta zerbitzu guztiak erabili eta horietaz gozatzeko aukera berdinak izan ditzaten.
- GIZARTE ZERBITZUAK ETA GIZARTE ESKU HARTZEA, instituzionalizaziotik irteteko prozesuak eta bizimodu independentearen prozesuak bultzatzera bideratutakoak.
BALDINTZA HORIEK BETETZEN BADIRA BAKARRIK GAUZATU AHAL IZANGO DUGU NON, NOLA ETA NOREKIN BIZI NAHI DUGUN ERABAKITZEKO ESKUBIDEA, BESTE EDOZEIN PERTSONAK BEZALA.
KONTUA EZ DA BALIABIDEAK EDUKITZEA, GURE ESKUBIDEAK BERMATZEA BAIZIK.