Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2025-12-02 × 

Desgaitasuna duten Pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna

Elkarteanetik (Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzailea), abenduaren 3a, Desgaitasuna duten Pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna dela eta, salatu nahi dugu ez dagoela baldintza egokirik desgaitasuna dugun gazteek baldintza berdinetan bizi-proiektu independente bat eraiki ahal izateko

Nahiz eta lege-aurrerapenak eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak 19.artikuluan ezartzen duena (zehazki,  modu independentean bizitzeko eta komunitatean sartzeko eskubideari buruzkoa), guretzat oso zaila izaten jarraitzen du etxebizitza egoki bat lortzea, beharrezko laguntzak izatea, enplegu duin bat lortzea edo desgaitasunaren etengabeko gainkostua bere gain hartzea. Egoera horrek larriki baldintzatzen ditu gure autonomia, aukerak eta komunitatean dugun parte-hartzea.

Ildo horretan, gogorarazi nahi dugu Euskadiko Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeak bere printzipio orokorren artean aitortzen duela gazteriaren arloan euskal administrazio publikoen jarduna gidatu eta bideratu behar dutela "irisgarritasun unibertsala, gizarteratzea eta, bereziki, bizitza independentea sustatzea, horretarako beharrezkoak diren baldintzak bultzatuz".

Horregatik, benetako berdintasun-baldintzak eta bizitza independentera bideratutako laguntza eraginkorrak bermatuko dituzten politika publikoak aldarrikatzen ditugu. Bide horretan aurrera egiteko, Elkarteanetik honako neurri hauek hartzea eskatzen dugu:

 

  • Laguntza pertsonalerako sarbidea bermatzea, eskubideen ikuspegitik, eta irizpide hauek kontuan hartuta: pertsonalizazioa, autokudeaketa, aukera askea eta kostuen estaldura osoa.
  • Etxebizitza irisgarri, egoki eta eskuragarria bermatzea guretzat, dela etxebizitza sozial gisa, dela alokairuko babes ofizialeko etxebizitza gisa, dela zuzkidura-bizitoki gisa, haien erabilgarritasuna handituz eta gure premia zehatzei erantzuten dietela ziurtatuz.
  •  Gure aldeko ekintza positiboko neurriak txertatzea Euskadin gazteen emantzipazio-prozesuen hasiera edo sendotzea sustatzera bideratutako programetan eta baliabideetan, hala nola Emantzipa Programan.
  • Prestakuntza eskuragarria eta egokitua bultzatzea, guretzat aukera-berdintasuna bermatuko duena, lan-merkatuan sartzeko eta gure bizi-proiektua autonomiaz eta erabakitzeko gaitasunez garatzeko aukera emanez.
  • Lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarri batean, enplegu duina, askatasunez aukeratua edo onartua izateko dugun eskubidea bermatzen duten neurriak bultzatzea, oztopo fisikoak, teknologikoak, antolamenduzkoak eta jarrerazkoak kenduz, gure lan-parte-hartzea mugatzen baitute.
  • Laguntza-produktu indibidualizatu eta eguneratuetarako sarbidea ziurtatzea, desgaitasuna dugun gazte bakoitzaren beharrizan aldakorretara etengabe egokituz, berrikuntza teknologikoa sustatuz eta desgaitasunaren gainkostu handia kontuan hartuz, arrazoi ekonomikoengatik inor baztertuta gera ez dadin.
  • Kultura- eta aisialdi-eskaintza irisgarria eta askotarikoa bermatzea, gure denbora libreaz gozatzeko eta gure bizi-proiektu independentea indartzeko. Aisialdirako sarbidea funtsezko eskubidea da, eta gure autonomiari eta gizartearen erabateko parte-hartzeari laguntzen dio.
  • Eten digitala murriztea, gure autonomia babestuko duten eta gure bizi-proiektu independentean lagunduko duten teknologia irisgarrietarako sarbidea bermatuz. Digitalizazioak gure inklusioa sustatu behar du eta bazterketa modu berriak saihestu.
  • Familia bat eratzea askatasunez erabakitzeko dugun eskubidea bermatzea, ugalketa-osasuneko zerbitzu irisgarri eta inklusiboetarako sarbidea ziurtatuz familia-laguntzako programen barruan. Familia-bizitza osoa eta gogobetegarria izateko aukera izan behar dugu, baldintza berdinetan, beharrezko laguntzekin eta oztoporik gabe.

 

 

Azken batean, erakunde publikoek neurri irmoak eta eraginkorrak har ditzatela eskatzen dugu, desgaitasuna dugun gazteok modu independentean eta baldintza berdinetan bizi ahal izango garela bermatzeko. Premiazkoa da politika publikoak irisgarritasunaren, bizimodu independentearen eta diskriminaziorik ezaren printzipioekin lerrokatzea. Elkarteanetik  lanean jarraituko dugu eskaera horiek erabat bermatutako eskubide bihur daitezen.