Bizimodu eredu independentea sustatzeko Gida
elkartuk2016an aurkeztu zuen publikoki “Gipuzkoan Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Egoerari eta Beharrizanei buruzko Azterketa-diagnostikoa”, eta lan horretan jasotzen den ondorioetako bat da Bizimodu eredu independentea bultzatu behar dela. Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren 19. artikuluan aitortzen da eredu hori.
Horretarako, beste hainbat ekimenen artean, Desgaitasun fisikoaren esparruan bizimodu independentea bermatzeko garatu beharreko politika inklusiboak eta esku-hartze soziala diseinatzeko gidaliburua landu dugu. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman profesional moduan diharduten pertsonentzako tresna baliagarria izatea da gidaliburu honen asmoa. Lan honetan, besteak beste, gai hauek jorratzen dira:
- Zer da Bizimodu eredu independentea?
- Zein da bizimodu eredu independentearen helburua?
- Non aitortzen zaie bizimodu eredu independentea desgaitasun fisikoa duten pertsonei?
- Zeintzuk dira bizimodu eredu independentea eraginkor egiteko elementu nagusiak?
Tresna honen helburuak hiru dimentsio barne hartzen ditu:
- Pertsona guztien aukera berdintasuna eta gizartea inklusiboagoa izatea bermatzen duen eraldaketa sozialean aurrera egitea.
- Desgaitasun fisikoaren esparruan inklusio soziala oinarri duten politika publikoak diseinatzea.
- Bizimodu independentearen ereduaren diseinua, proiekzioa eta garapena ardatz dituen esku-hartze paradigma berri bat sustatzea.
Gida eskuragarri dago gure webgunean eta espero dugu Oinarriko Gizarte Zerbitzuentzako lan-tresna bihurtuko dela, batez ere desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako esku-hartzeak diseinatzeko, eta, modu horretara, bizimodu independentea izateko haien eskubidea gauzatzeko; izan ere, pertsona ororen eskubidea da, beren existentzia, bizilekua eta non eta norekin bizi nahi duen erabakitzeko ahalmena izatea, erabakitzeko eskubidea erabilita. Horrela, gainerako pertsonen baldintza berdinetan biziko da gizabanako oro, aurrez ezarritako bizi sistema jakin batean bizitzera derrigortuak izan gabe.