MENUA

Zerrendara itzuli Azken berriak

Elkarteanek berdintasun gida argitaratu du

Elkarteanek berdintasun gida argitaratu du

Elkarteanek, Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Koordinatzaileak, Emakumea eta Desgaitasuna Gida argitaratu du Emakumearen Nazioarteko Eguneko ospakizunaren testuinguruan. Dokumentuak desgaitasuna duten neska eta emakumeen eskubide-berdintasuna eta diskriminazio eza aldarrikatzen du

Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Legeak onartzen du emakume askok diskriminazio egoerak pairatzen dituztela bere desgaitasunak eraginda; diskriminazio bikoitza da, sexuak eta desgaitasunak eraginda. Egoera honek baldintzatu egiten du emakumeek herritar gisa dituzten eskubideak baliatzea. Eta administrazio publikoa diskriminazio anitzak pairatzen dituzten emakumeak eta emakume taldeak babestera behartuta dagoen arren, ez da beti horrela izaten.

Egoera honen aurrean, Elkarteanek “desgaitasun fisikoa duten neska eta emakume guztiek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiez erabat eta besteen baldintza berberetan gozatu ahal izatea” aldarrikatu nahi du, “diskriminazio mota oro ezabatuz”. Aurkezten den Gida beste urrats bat da aldarrikapen horretan; eta haratago joanda, dokumentuari erabilgarritasuna eman nahi zaio “desgaitasuna duten neska eta emakumeen aukera berdintasuna eta eskubideak defendatzeko”.

Gidaren egileek egungo egoera aztertu dute, eta egin duten diagnosian, “patriarkatuaren kulturak itzal luzea” duela nabarmendu dute. Eta “kolektiboaren desgaitasuna bakarrik hautematen duten zapalkuntza-faktoreak” elkartzen direla. Eta salatu dute faktore horiek diskriminazio egoerak sortzen dituztela: “ikusezintasuna, eskubideen ukatzea, autoestimu baxua edota ahalduntzea mugatzea. Hau da, berdintasun eza, diskriminazioa, zaurgarritasuna, bazterketa edo isolamendu arriskua areagotzen duten faktoreak”.


Diagnosia eta proposamenak


Gidak Elkarteanek egindako diagnosia jasotzen du, eta baita berdintasun eza zein esparrutan antzeman duten ere. Elkarteanen iritziz, “konektatuta eta erlazionatuta” dauden espazioak. Zazpi hauteman dituzte: hezkuntza-maila baxuagoa eta analfabetismo-indize handiagoa; lan-jarduera baxuagoa, erantzukizun gutxiago eta soldata txikiagoa; isolamendu sozial handiagoa eta komunitatean parte-hartze txikiagoa; mendekotasun afektibo, emozional eta ekonomiko handiagoa; babesgabetasun soziosanitario handiagoa eta osasun-arreta desegokia; afektibitatea eta bizitza sexuala ukatzea; eta azkenik, edozein motatako indarkeria eta abusuak jasateko arrisku handiagoa.

Testuinguru honetan, Elkarteanek argi ikusten du egoera bideratzeko zeharkako irtenbideak aplikatu behar direla, eta beharrezkoa dela “genero ikuspegia desgaitasun politiketan aplikatzea eta desgaitasun ikuspegia genero politiketan aplikatzea”.  Zentzu horretan, desgaitasuna duten neska eta emakumeen erabateko garapena, aurrerapena eta indartzea ziurtatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea aldarrikatu dute, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 6. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu Gidak: ahalduntzea bultzatu eta etorkizuna erabakitzeko eta non, nola eta norekin bizi nahi dugun erabakitzeko eskubidea bermatzea; komunitateko zerbitzu, baliabide eta espazio guztietara sarbidea ziurtatzea; desgaitasuna duten emakumeek askatasunez aukeratutako edo onartutako lana lortzeko aukera izateko eskubidea bermatzea; askatasunez aukeratutako edo onartutako lana lortzeko aukera izateko eskubidea bermatzea; dimentsio sexualaren era askotako alderdiak, zein ama izateko nahia garatzea ukatzen duten estereotipoak apurtzea; pertzepzio eta irudi soziala aldatzea; edota, elkarte-bizitzan parte-har dezagun sustatzea. Neurri hauek jarraian zehazten diren esparruetan eragin behar dute:  ahalduntzea, formazioa eta enplegua, irisgarritasun unibertsala, biolentzia, sexualitatea, amatasuna, esku-hartzea eto mugimendu feminista.   

Gida ikusgai dago jadanik, eta Elkarte Mugimenduaren webgunean (www.elkartean.org) eta lurraldetako elkarte ezberdinetako webgunetan deskarga daiteke: eginaren eginez (www.eginez.org), elkartu (www.elkartu.org) eta fekoor (www.fekoor.com).

Gune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.

Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika