MENUA

Zerrendara itzuli Azken berriak

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna. Manifestua.

ELKARTEANek (EAEko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Konfederazio Koordinatzailea), desgaitasun fisikoa duten herritarrak ordezkatu, defendatu eta haien aldeko aldarrikapen-ekintzak burutzen dituen plataformak, Abenduaren 3a, Desgaitasuna duten pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna dela eta, aldarrikatu nahi du, lan egiteko dugun eskubidea, askatasunez hautatutako edo onartutako lan batean, lan-merkatu eta lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarrian, Pertsona Desgaituen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 27. artikuluarekin bat etorriz (Lana eta enplegua), ezinbesteko baldintza baita Bizimodu Independentea garatu eta komunitatean modu aktiboan parte hartzeko.

Errealitatea, ordea, oso urrun dago eskubide hori benetan erabiltzetik: Euskadin, desgaitasuna duten 82.000 pertsonetatik, 29.000 baino ez daude aktibo (% 35) (lanean edo lana bilatzen); alabaina biztanleria osoaren % 77,6 dago aktibo. 82.000 horietatik 24.200 bakarrik ari dira lanean (% 29); biztanleria osoa kontuan hartuz gero, aldiz, % 68,9 dago lanean: 9.600 enplegurako zentro berezietan daude (% 11,6), eta 14.600 enplegu arruntean (% 17,6) 4.800 pertsona daude langabezian (% 5,7) (2017ko datuak. Desgaitasuna duten pertsonen enplegua, EIN, Gizarte Zerbitzu eta Gizarte Ekintzari buruzko Estatistika eta SISPEren enplegu-eskatzaileei buruzko datuak).

Gainera, azken urteotan, desgaitasuna duten pertsonentzako Euskadiko enplegu-programek enplegu babestua eta Enplegu Zentro Berezien jarduna bultzatu dituzte ia esklusiban. Modu horretan, Konbentzioa, EAEn desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko plana (2004-2006) edo 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategia urratu dira. Azkenekoaren arabera, «desgaitasuna duten pertsonen enplegu arrunterako sarbidea eta jarduera-tasa hobetu» behar da (D-3 gidalerroa). Joera horrekin jarraituz, 2019an, enpresa arruntek 700.000 euro esleitu dituzte desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko, eta enplegu babestuari ia 38.000.000 euro esleitu zaizkio (enpleguari eustea eta laguntza-unitateak).

Ildo beretik, «EAEn desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretuak», Eusko Jaurlaritzak onartutakoak, arau-izaera ematen dio enplegu babestuaren aldeko lehentasunezko apustuari. Errealitate hori ELKARTEANek behin eta berriz salatu du, eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) berak proiektu honi buruzko irizpenean salatzen du ez datorrela bat Konbentzioan ezarritakoarekin. Irizpen horretan nabarmentzen du, lan-merkatu arruntean barneratzeko laguntzen zenbatekoa ez dela nahikoa, eta horrek, izatez, lortu nahi den helburua zentzuz husten du: diru-laguntzak enpresa arruntetan kontratatzeko pizgarri modura jardutea. Bai Dekretu honen edukiak, bai Euskadin enplegu babestuari lehentasunezko laguntza ekonomikoa emateko praktika sistematikoak, urratu egiten dute Eusko Legebiltzarrak 2017ko martxoaren 16an aho batez onartutako Erabakia. Erabaki horren bidez, Jaurlaritzari eskatzen zaio neurriak har ditzala desgaitasuna duten pertsonak enplegu arruntean sar daitezen bultzatzeko. Horren aurrean, dekretu-proiektuak, enplegu arruntean sartzen lagundu beharrean, enplegu babestua bultzatzeko eta haren jarduerei eusteko neurriak finkatu eta indartzen ditu soilik. Horregatik guztiagatik honako hau aldarrikatzen dugu:

  • EAEn desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak arautzen dituen Dekretua birformulatzea, desgaitasuna duten pertsonak enplegu arruntaren modalitatean laneratzen laguntzea, betiere ahal denean (alde batera utzi gabe, desgaitasunen bat duten pertsonen profil batzuentzat egokiagoak izan daitezkeen beste modalitate batzuk).
  • Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari 2017ko martxoaren 16ko Erabakian eskatutako jarduera-ildoak betetzea:
    • Pertsona horien enpleguari eta etorkizunean hartu beharreko neurriei buruzko berrantolaketa sakona abian jartzea, Konbentzioko 27. artikuluarekin bat etorriz. Lan-merkatu arruntean sartzeko neurriak eta baliabideak eskaintzea.
    • Langileak enplegu arruntean pixkanaka sartzeko helburuaren betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak abian jartzea. Bereziki, erreserba-kuota zaintzeko eta beste neurri batzuen bidez aplikatzeko salbuespenen justifikazioa zaintzeko mekanismoak abian jartzea.
    • Desgaitasuna duten pertsonentzako lan-orientazioa garatzea, gainerako biztanleentzat bezala eta baldintza berdinetan, aniztasun funtzionala duten pertsonen artean enplegu arrunta sustatzeko asmoz.
    • Enplegu arrunterako sarbidea bultzatzea, batez ere lehen esperientzietan, enpleguaren jarraitutasuna eta egonkortasuna ahalbidetzeko beharrezkoa den prestakuntza praktikoa eskuratzeko bidea baita.
    • Erreserba-kuota edo, hala badagokio, ordezko neurriak betetzen direla ziurtatzea, kontratu publikoak, diru-laguntzak edo zerga-onurak eskuratzerakoan, indarrean dagoen lege-esparruan ezarritakoa oinarri hartuta.

Gune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.

Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika