MENUA

Zerrendara itzuli Azken berriak

Desgaitasuna duten emakumeen aurkako biolentzia matxistaren semaforoa

Desgaitasuna duten emakumeen aurkako biolentzia matxistaren semaforoa

Euskadiko desgaitasun fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzaileak sentsibilizazio kanpaina abiatu du desgaitasuna duten emakumeek aurre egin behar duten biolentzia matxista salatzeko. Helburua hirukoitza da: gizartea sentsibilizatzea, beharrezko laguntzak eta baliabideak aldarrikatzea eta indarkeria egoera hori bizi duten emakumeak laguntzea.

Azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Elkarteanek sentsibilizazio kanpaina abiatu du hiru helburu argirekin. Batetik, gizartea sentsibilizatu nahi dute desgaitasuna duten emakumeek bizi duten egoeraren aurrean. “Kolektibo ikusezin eta zaurgarria da, muga eta murrizketa ugari pairatzen dituena eta, hori gutxi balitz, bazterketa ugari jaso dituena”, salatu du Elkarte Koordinatzaileak.   

Kanpainarekin, era berean, beharrezko laguntzak eta baliabideak aldarrikatu nahi dituzte indarkeriarik gabeko bizitza autonomo eta independentea gauzatzeko. Elkarteanen iritziz, “beharrezkoa da, eta premiazkoa, instituzioetatik desgaitasuna duten emakumeak babesteko ezinbestekoak dituzten neurriak aktibatzea, beharrezko baliabideak eskainiz eta langileak behar bezala formatuz”.

Azkenik, biolentzia matxistari aurre egin behar dioten emakume guztiei mezua helarazi nahi diete, “zein egoeratan dauden jabetu daitezen, indarkeriarik gabeko bizitza has dezaten, elkar ezagutu daitezen eta laguntza eska dezaten. Urrats horiek bai ala bai eman beharrekoak dira. Ez da erraza, are zailagoa gurea bezalako kolektibo zaurgarri batean, askotan egoera hauek identifikatzeko zailtasunak ditugunean”, salatu dute.

 

Desgaitasuna duten emakumeen aurkako biolentzia matxistaren semaforoa

Egoera honen aurrean, Elkarteanek foileto informatiboa diseinatu du sentsibilizazio kanpaina bat abian jartzeko. Biolentzia matxista egoera ezberdinak identifikatzeko semaforoa egin dute; helburua biolentzia matxista egoerak identifikatzea da, baina batez ere, egoerari aurre hartzeko eta biolentziarik gabeko bizitza autonomo eta independentea gauzatzeko aukerak daudela ikusaraztea.

Emakume Taldetik azaldu dutenez, “semaforoaren metafora erabili dugu biolentzia matxista egoera irauli daitekeela adierazteko, eta semaforoak bezala, aldatzen joan daitekeelako. Hau da, biolentzia matxista jasaten duen emakumeak (semaforo gorria), egoera onartu eta biolentzia matxistari aurre hartzeko urratsak ematen has daiteke (semaforo laranja) biolentziarik gabeko egoerara iritsi arte (semaforo berdea).

Horretarako zenbait egoera identifikatu eta hiru multzotan banatu dituzte: biolentzia egoera jasaten ari diren emakumeena; egoera hori bizi, baina onartu eta aurrera pausoak ematen dituzten emakumeena; eta azkenik, biolentziarik gabeko bizimodu batera gerturatzen ari diren emakumeena.

Foileto informatiboa azaroaren 25ean zabalduko da Elkarteanek dituen komunikazio euskarri ezberdinetan (web orrialdea eta sare sozialak) eta Elkarte Koordinatzailea osatzen duten hiru lurraldeetako elkarteen euskarrietan: elkartu, Gipuzkoan; eginaren eginez, Araban; eta fekoor, Bizkaian.

Elkarteanetik jakitera eman dutenez, foileto informatiboa 2022 urte hasieran Biolentzia matxista eta desgaitasun fisikoa duten emakumeak izeneko gidarekin osatuko dute. Gidaren helburua biolentzia matxista bizi duten emakumeak laguntzeaz gain, beharrezko baliabideak jartzeko urratsa ematea. Biolentzia matxista egoera bizi duten emakumeei zuzenduta badago ere, familientzako, laguntza sarea osatzen duten pertsonentzako eta lan-esparru honetan dabiltza profesionalentzako “oso baliagarria da”. 

Gune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.

Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika