MENUA

Zerrendara itzuli Azken berriak

Covid-19 eta desgaitasuna duten pertsonak Txostena: Informazio eta proposamen bilketa

elkartu-k (Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) telelanaren bidez jarraitzen du bere ohiko jarduera, nahiz eta bere egoitza itxi behar izan zuen Covid-19-k eragindako osasun- eta gizarte- krisiaren ondorioz agintaritzak ezarritako neurriak direla eta.

Argibide eta informazio eskaerei eranzuna emateko ohiko elkarte jardueraz gain, Federazioak hartutako neurrien berri eman du, eta erakunde desberdinei desgaitasuna duten pertsonen oinarrizko eskubide eta bizi-kalitatea bermatzeko beharra adierazi die.


Halaber, desgaitasun fisikoa duten pertsonen artean informazio eta proposamenak jaso dira Covid-19-ak eragindako krisian kolektibo honen egoera eta beharrak zehazteko. Batetik, pertsona bakoitzaren beharrak antzematea eta ondorengo esku-hartzea diseinatzea izan da helburua, eta bestetik, Gipuzkoako desgaitasun fisikoa duten pertsonek osatzen duten kolektiboaren egoera eta beharrak zehaztea erakunde eskudunei beharrezko eskaerak mahaigaineratzeko.


Horretarako, elkartu-n izena emanda dauden desgaitasuna duten pertsonekin telefonoz kontaktua egin da (lehentasuna emanez desgaitasun eta/edo mendekotasun gradu haundiagoa dutenei), on-line bidez galdetegi bat betetzeko aukera emanez aldi berean. Bide hauetatik hurrengo gaiak jorratu dira: bizitokia, arretarako zerbitzuak (senideen laguntza, etxez etxeko laguntza, laguntza pertsonala, etab.), erosketak edo botikak erosteko zailtasunak, edota laguntza produktuekin izandako zailtasunak.


Orain arte 150 pertsonek baino gehiagok hartu dute parte, eta emandako informazioaren arabera, oinarrizko datuak hurrengoak dira:

 

  • Kontaktatutako %92a etxebizitza partikular batean bizi da, eta %8a desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza batean.


  •  Etxebizitza partikularrean bizi direnen artean, %81,7a senideekin bizi da (senar-emaztea edo bikotea, gurasoak, etab.), eta %18,3a bakarrik.


  • Etxebizitza partikularrean bizi direnen artean, baliabide nagusia Familia Inguruneko Zaintzetarako Prestazioa da (%65,2). %12,2ak Laguntza Pertsonalerako Prestazioa du, eta %8,7ak Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzua.

 

  • Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzua erabiltzen dutenen artean, %15,4ak estaldura orduak luzatu behar izan ditu, %38,4ak lehen ez jasotzako jarduerak gehitu behar izan ditu (elikagaiak edo botikak erosi, etab.), %30,8an langileen ez-ohiko aldaketak jasan ditu, eta %38,5ak adierazi du zerbitzua ez dela beharrezko segurtasun-neurriekin ematen.

 

  • Laguntzaile Pertsonala dutenen artean, %13,3ak estaldura orduak luzatu behar izan ditu, %60,0ak lehen ez jasotzako jarduerak gehitu behar izan ditu, %13,3ak Laguntzaile Pertsonala aldatu behar izan du, eta %13,3ak adierazi du zerbitzua ez dela beharrezko segurtasun-neurriekin ematen.

 

  • Desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzen erabiltzaileen artean, %40ak adierazten du, aukera izatekotan, beraien etxera itzuli nahi lukeela; halaber, guztiek adierazten dute zerbitzua beharrezko segurtasun-neurriekin ematen dela.


  •  %19,2ak bakarrik jaso du udal gizarte zerbitzuen deia beraien egoera eta beharrak ezagutzeko.


  •  %4,8ak bolondresen bidezko laguntzaren bat jasotzen du.

 

 

Aurkeztutako datuetatik eta harremanetan jarri diren pertsonek eskeinitako balorazioetatik, hurrengo ondorio nagusiak atera daitezke:

 

  • Desgaitasun fisikoa duten pertsonek kontzientziazio eta konpromiso handia dute agintariek ezarritako isolamendu neurriak betetzeko, kolektiboaren zati handi batek eta zaintzaileek duten zaurgarritasun bereziaz jabetuta. Horren froga da desgaitasuna duten pertsona batzuk  arreta zerbitzuei uko egin dietela, esaterako, Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua, profesionalentzat eta familiako unitatearentzako kutsadura arriskua ekiditeko.

 

  • Familia da Covid-19tik eratorritako osasun eta gizarte krisian desgaitasun eta/edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko protagonismo eta erantzukizuna hartu duen erakundea. Eta hori gertatzen da azken urteotan familia zaintzaileen aurkakoak izan diren neurri ugari hartu diren arren (formakuntza ikastaroa egiteko betebeharra, % 65etik gorako desgaitasuna edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak familiako zaintzaile gisa ez aitortzea, familiako zaintzak jasotzen dituztenei urteko jarraipena ezartzea, etab.). Horrela, desgaitasuna edota mendekotasun egoeran dauden pertsona batzuk, mendekotasun egoeran dauden senideen zaintza bere gain hartutako kasuak antzeman dira.

 

  • Beldurra adierazi da kutsadurak direla eta familiako zainketa informalaren kateak haustura sufritu dezakeela gerta daitezkeen eta, ondorioz, mendekotasun egoerei aurre egiteko beharrezkoak diren baliabide formalak egon daitezken zalantzarekin.

 

  • Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuari dagokionez, beharrezko segurtasun neurriak ez dira beti eta kasu guztietan bermatu, bai zerbitzuaren erabiltzaileentzat, bai profesionalentzat.

 

  • Laguntzaile Pertsonal bat izanda eta ordezkatzera behartuta egon diren pertsonek ez dute baliabide ofizialik izan profesional berri baten bila joateko, eta ondorioz baliabide informal batera jo behar izan dute.

 

  • Egoitza-zentro bat erabiltzen duten desgaitasun fisikoa duten pertsonek kutsatzeko beldur berezia adierazten dute inguru horretan dagoen errealitatea ikusita. Halaber, portzentai altu bati etxera itzultzeko programa erabiltzea gustatuko litzaioke, baina ez dituzte ezinbestekoak diren baliabide eta laguntza sareak.

 

  • Udaletako Gizarte Zerbitzuek lehentasuna eman diote, gutxienez krisiaren hasierako fasean, adinekoekin harreman aktiboa izateari; aldiz, desgaitasun fisikoa duten eta/edo mendekotasun egoeran dauden eta 65 urte baino gutxiago dutenen artean gutxi izan dira bere egoera eta beharrak ezagutzeko deia jaso dutenak.

 

 

Informazio bilketatik ateratako datu eta ondorioetatik, elkartu-k honako proposamenak egiten ditu:

 

  • Familiaren zainketen duintasuna, bere aitorpen instituzionala eta soziala barne. Horretarako, ezinbestekoa da foru arau egokiak onartzea; horrela, osasun eta gizarte krisiak irauten duten bitartean, 24/2017 Foru Dekretuak, abenduaren 12koa, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala eta zainketa sustatzekoak, ezarritako prestazio ekonomikoak arautzen dituena, familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa eskuratzeko ezarritako baldintzak eta mugak ezabatu ditzaten.

 

  • Desgaitasuna duten eta/edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak laguntza pertsonal bat kontratatu ahal izateko baliabide publikoa sustatzea, familiako zaintzaileen kutsadura kasuetan premiazkoa izan daitekeen behar bat izan bait daiteke.

 

  • Laguntzaile Pertsonalak kontratatzeko beharrizanei malgutasuna emateko beharrezko foru arauak onartzea, bereziki titulazioari dagokionez, 2008ko azaroak 27ko akordioa, Mendekotasunaren Autonomia eta Arretarako Sistemaren zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko ohiko irizpideen akreditazioari buruzkoa, partzialki aldatzen duen 2020ko martxoaren 23ko Ebazpena, Eskubide Sozialetarako Estatu Idazkariarena, aplikatuz.

 

  • Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuko profesionalentzako eta Laguntzaile Pertsonalentzako beharrezko segurtasun baldintzak eta ekipamendua bermatzea, baina baita familiako zaintzaileentzat ere

 

  • Etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren malgutasun baldintzak bermatzea denbora eta jardueretan ematen den intentsitateari dagokionez, baita Covid-19-ak eragindako beharren ondorioz erabiltzaile berrien beharrei erantzuteko, pertsona bakoitzaren beharrak bere ezaugarrien eta egoeren arabera asetzeko

 

  • Desgaitasuna duten pertsonak txertatzea, zaurgarritasun bereziko egoera dela eta,  udal gizarte zerbitzuek informazioa biltzeko eta beharrak hautatzeko egindako ekintzetan.

 

  • Osasun baliabide guztietarako aukera berdintasuna bermatzea eta desgaitasunagatik diskriminazioa ekiditea, irizpide hori diseinatu daitezkeen protokolo guztietan barneratuz.

 

  • Zerbitzuak emateaz gain, desgaitasuna duten personak ordezkatzen dituzten Hirugarren Sektore Sozialaren entitateen parte-hartze erabatekoa eta eraginkorra bermatzea, Covid-19-aren ondorioz osasun eta gizarte krisiaren esparruan hartutako neurrien diseinuan eta jarraipenean.  Era berean, elkarrizketa zibilaren arlo horretan, ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea pandemiaren aurkako hurrengo faseetan hartu beharreko neurriak finkatzeko, baita desgaitasuna duten pertsonak krisi ekonomikoan bereziki kaltetutik suertatu ez daitezela bermatzeko.



elkartu-k informazio bilketarekin jarraituko du, baita desgaitasun fisikoa duten pertsonen eskubideen eta bizi-kalitatearen defentsa eta sustapenarako lanarekin, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako printzipioak eta eskubideak aplikatuta, eta berriro ere bere disposizio osoa erakusten du erakunde eskudunekin lankidetzan aritzeko, osasun- eta gizarte-ikuspegitik bereziki zaurgarria den talde batek bere eskubideak urratzen ez direla bermatzeko, edo krisiaren ondorioz atzera geratu dadin ekiditzeko.


Gune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.

Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika