Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2024-11-22 × 

Manifestua, Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

Elkartean-etik (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Euskadiko Elkarte Koordinatzailea) azaroaren 25ean, Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, ahotsa altxatzen dugu babesik gabe eta isolamendu-baldintzetan indarkeria matxistari aurre egiten diogun emakume desgaituak ikusarazteko. Horrek gure egoera, larriagotu egiten du eta ihes egiteko aukerak mugatzen ditu.

Berdintasun Ministerioaren Emakumeen aurkako Indarkeriari buruzko 2019ko Makro Inkestaren arabera, desgaitasuna duten emakumeen % 20,7ak indarkeria fisikoa edo sexuala jasan du bikotekideren batetik, eta desgaitasunik ez duten emakumeen kasuan aldiz,   % 13,8ak;  desgaitasuna duten emakumeen kasuan  % 40,4ak indarkeria jasan du bikotean, eta desgaitasunik ez duten emakumeen kasuan aldiz  % 31,9ak.

Gutako askorentzat, oztopoak ez dira fisikoak bakarrik, egiturazkoak eta sozialak ere badira. Batzuk laguntza-zerbitzurik gabeko lekuetan bizi gara, beste batzuek ez dugu arreta-puntuei buruzko informaziorik, eta asko erasotzailearen kontrolpean gaude etengabe, indarkeria jasaten ari garela erabat jakin gabe edo indarkeria horri aurre egiteko baliabiderik gabe. Oztopo horiek bakartu ez ezik, bakean eta askatasunean bizitzeko dugun eskubidea kentzen digute, eta egoera horrek gure esku-hartzea eta ekintza irmoa eskatzen du.

 

Horregatik, Elkarteanetik  honako hau aldarrikatzen dugu:

  • Zerbitzu, baliabide eta laguntza egoki eta eskuragarriak, bizimodu independentea izateko dugun eskubidea bermatzen dutenak: Nola, non eta norekin bizi nahi dugun askatasunez aukeratzeko eskubidea bermatzea eskatzen dugu, indarkeriazko testuinguruetan egotera edo gure duintasuna eta autonomia urratzen duten bizi-sistemak onartzera behartuta egon gabe.
  • Profesionalentzako prestakuntza: Prestakuntza integrala eta espezializatua eskatzen dugu, indarkeria-egoerak detektatzeko eta salatzeko kanal guztiak indartuko dituena, bai erakundeen aldetik, bai gizartearen aldetik, oro har, eta arreta inklusiboa eta beharrezkoa eskainiko duena. Trebakuntza horrek aukera eman behar digu emakumeoi bizi dugun indarkeria aitortzeko eta gure babeserako eta ahalduntzerako laguntza eraginkorra eta eskuragarria eskaintzeko.
  • Komunikabideetan ikusaraztea eta gizartea kontzientziatzea: Komunikabideei eskatzen diegu gure errealitatea islatzeko eta kontzientziatzeko. Gizarte informatu bat bidezkoagoa eta prestatuagoa da behar dutenei laguntzeko, eta erantzuteko.
  • Lehentasunezko konpromiso politikoa: Zeharkako politikak eskatzen ditugu, eta gure beharrak eta eskubideak agenda politikoan lehentasun izatea. Desgaitasuna duten emakumeak ez ditugu ahaztu behar, ezta baztertu ere, eta gure ahotsak eta esperientziak indarkeria matxistaren aurkako politika publikoen erdigunean egon behar dira.

Azaroaren 25ean, emakume guztientzako ingurune inklusiboa, irisgarria eta indarkeriarik gabea eraikitzeko konpromisoa hartu dezagun  salbuespenik gabe. Benetako aldaketa eska dezagun, beldurrik gabe eta gure duintasuna eta askatasuna erabat errespetatuz bizitzeko dugun eskubidea itzuliko diguna.