Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2023-03-31 × 

elkartu-k alegazioak aurkeztu dizkio mendekotasunaren prestazio ekonomikoei buruzko dekretuari

elkartu-k (Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) alegazioak aurkeztu ditu Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen prestazio ekonomikoak arautzen dituen Foru Dekretuaren proiektua jendaurrean jartzeko izapidean.

Hona hemen planteatutako proposamen nagusiak:

  • Mendekotasuna aitortuta duten pertsonek, baliaezintasun handiko pentsioa edo hirugarren pertsona baten laguntza-beharra aitortuta dutenek edo % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta dutenek zaintzaile ez-profesionalak izateko debekua kentzea proposatu da, Familia Ingurunean Zaintzeko eta Zaintzaile Ez Profesionalei Laguntzeko Prestazio Ekonomikoaren onuradun izateko. elkartu-k uste du neurri horrek desgaitasuna duten pertsonen eskubideak urratzen dituela, diskriminazioa egiten duela eta desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren aurkakoa dela, desgaitasuna duten pertsonek mendetasun-egoeran dauden senideei laguntzak eta zainketak emateko ezintasun-presuntzioa ezartzen baitu.
  • Laguntza pertsonalaren kostu handietarako ezartzen den osagarria positiboki baloratzen bada ere (2. edo 3. mendetasun-gradua, kontratatutako asistentziagatiko hileko gastua indarreko Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren zenbatekoaren % 150 baino handiagoa dela egiaztatzen badute), neurri horri zenbait hobekuntza egitea proposatu da:
    • Mendekotasun-egoera aitortuta duten pertsonei osagarria aitortzea, mendekotasun-maila edozein dela ere.
    • Zenbateko osagarria jasotzeko eskubidearen ondorioetarako gastu konputagarria, kontratazioaren xede diren laguntzaile pertsonal bat baino gehiago direnean, egindako gastu osoaren arabera kalkulatu dadila.
    • Zenbateko osagarrirako eskubidea eskuratzen den kasuetan, ez aplikatzea 16 artikuluan aurreikusitako kenkariak prestazioak eta laguntzak jasotzeagatik.
  • Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren (LPE) eta egoitza-baliabidearen arteko bateragarritasuna aitortzea, desgaitasuna duten pertsonentzako eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitza-zerbitzuen kasuan. Proposamenaren oinarria da egoitza-zerbitzu baten erabiltzaile diren desgaitasuna duten pertsonei bermatu behar zaiela komunitate-ingurunean berdintasun-baldintzetan parte hartzeko duten eskubidea.
  • Foru Dekretuan araututako prestazio ekonomikoen zenbatekoetan urtero automatikoki eguneratzeko mekanismo bat sartzea, alde batetik, laguntza pertsonalarekin lotutako lan-kostuen igoeraren arabera, eta, bestetik, bizitzako kostu orokorren arabera, familia-zaintzaren prestazioaren kasuan. Zentzu horretan, garrantzitsua da mendetasun-egoeran dauden pertsonen familia-sareak emandako laguntzak aitortzea eta duintzea.

elkartu-ren proposamenen helburua da, azken batean, desgaitasuna duten eta/edo mendekotasuna duten pertsonen eskubideak eta bizi-kalitatea bermatzea, Gipuzkoako mendetasun-egoerei erantzun egokia eta duina emango dieten prestazio ekonomikoen bidez.