Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2024-11-29 × 

Desgaitasuna duten pertsonen Nazioarteko Eguna

Elkarteanek (Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Euskadiko Koordinakundeko Elkarteak) abenduaren 3an, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Europako eta Nazioarteko Eguna dela eta, desgaitasunen bat duten pertsonek etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko duten eskubidearen berme eraginkorra aldarrikatzen du.

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren 28. artikuluak aitortzen du desgaitasuna duten pertsonek eskubidea dutela "haientzat eta haien familientzat bizi-maila egokia izateko, eta horrek barne hartzen ditu elikadura, jantzi eta etxebizitza egokiak". Bestalde, Pertsonen Eskubideei buruzko Komiteak, 5. ohar orokorrean, Konbentzioaren 19. artikuluan aipatzen den bizitza independenterako eskubidea gauzatzeko funtsezko elementutzat aitortzen du etxebizitza, "etxebizitza eskuratzeak komunitatean gainerakoen baldintza berdinetan bizitzeko aukera dakarrelako".

Hala ere, gaur egungo testuinguru sozialak, ekonomikoak eta urbanistikoak diskriminazio-egoerak sortzen jarraitzen du desgaitasuna duten pertsonekiko etxebizitza eskuratzeko orduan, honako faktore hauek direla eta: mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako etxebizitzen gutxiegitasun larria, eraikinen eta etxebizitzen irisgarritasun unibertsalaren arloko gabeziak, etxebizitza publikoa eskuratzeko administrazio-prozeduren konplexutasuna eta zurruntasuna, eskubide hori eskuratzeko kostu handia eta horrek desgaitasunaren gainkostuari egiten dion ekarpena, edo desgaitasunen bat duten pertsonen aldeko ekintza positiboko neurriak behar beste ez hartzea.

Egoera horrek arriskuan jartzen ditu desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna eta haien gizarteratzea, bai eta gure bizitza independenteko proiektuen bideragarritasuna ere, eta, Euskadin etxebizitza-politika publikoak bultzatzeko beharraren esparruan, honako proposamen hauek egitea eskatzen dugu, besteak beste:

  • Mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitzen eskuragarritasuna handitzea babes publikoko etxebizitzen parkean.
  • Desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekintza positiboko neurriak bultzatzea babes publikoko etxebizitzak esleitzeko prozeduretan.
  • Jabetza Horizontalaren Legearen aldaketa bultzatzea, etxebizitza fisikoki eskuratzea oinarrizko eskubidetzat har dadin erabat, erabaki arbitrarioak eta diskriminatzaileak hartzeari lotuta ez dagoena.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitzak esleipendunaren beharrizan partikularretara egokitzen direla bermatzea.
  • Erakundeak birgaitzeko laguntzetan aurrekontu-zuzkidura handiagoa ezartzea, eta irisgarritasuna sustatzen duten laguntzak eskuratzeko baldintzak malgutzea.
  • Desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekintza positiboko neurriak txertatzea erakunde publikoek alokairurako ematen dituzten laguntzetan, bereziki gazteei zuzendutakoetan.
  • Etxebizitza eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako pertsona desgaituei mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitzen eskuragarritasunaren berri ematea modu eraginkorrean.
  • Berrikuntza sustatzea espazioen diseinuan, bai eta laguntza-produktuen eta autonomia pertsonalerako elementuen antolaketan ere, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitzetan.
  • Desgaitasuna duten pertsonek zuzkidura-bizitokietarako sarbidea izan dezaten sustatzea, bizimodu independenteko proiektuak garatzeko baliabide gisa.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitzak desafektatzeko prozedurak arautzea, baldintza horri eusteko printzipioan oinarrituta, esleipenduna edo eskuratzailea edozein dela ere.
  • Alokabidek sustatutako programetan eta neurrietan etxebizitza irisgarriak eta egokituak daudela bermatzea.

 

Azken batean, erakunde publiko eskudunek beharrezko lege- eta administrazio-neurriak har ditzatela eskatzen dugu, desgaitasuna duten pertsonek etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko dugun eskubidea erabat eta eraginkortasunez bermatuta ikus dezagun. Era berean, konpromisoa hartzen dugu ordezkaritza-lana eta gizartean eta politikan eragiten jarraitzeko, etxebizitza-politikak bat etor daitezen Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioan aitortutako printzipio eta eskubideekin.