Gure berri izateko informazio-iturri zuzena
 
2022-12-01 × 

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna 2022, Manifestua Elkartean

Elkarteanek (Euskadiko Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarte Koordinatzailea), desgaitasun fisikoa duten herritarrak ordezkatu, defendatu eta haien aldeko aldarrikapen-ekintzak burutzen dituen plataformak, Abenduak 3, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, aldarrikatu nahi du askatasunez aukeratutako lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarrian lan egiteko eskubidea gauzatzea.

Hala, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioak 27. artikuluan aintzatesten du “desgaitasuna duten pertsonek gainerakoen baldintza berberetan lan egiteko duten eskubidea; horrek barne hartzen du askatasunez aukeratutako edo onartutako lanaren bidez bizimodua ateratzeko aukera izateko eskubidea, desgaitasuna duten pertsonentzako lan-merkatu eta lan-inguru ireki, inklusibo eta irisgarrian”. Bestalde, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Batzordearen 8. Ohar Orokorrak honako hau adierazten du: “desgaitasuna duten pertsonentzako bereizitako enplegua (adibidez, antolatutako tailerrak) ez da lanerako eskubidea pixkanaka gauzatzeko neurritzat hartu behar, lan-merkatu ireki eta inklusiboan askatasunez aukeratutako edo onartutako enpleguaren bidez baino ez baita frogatzen”.

 

Konbentzioaren agindua gorabehera, Euskadin desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasun-eredua enplegu babestura bideratuta dago batez ere, eta, horrela, haien lan- eta gizarte-bereizketa sustatzen du. Horren erakusgarri da, EGABren (Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea) Memoria Sozioekonomikoaren arabera, Lanbidek desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko emandako laguntzen % 97,32 enplegu-zentro berezietara bideratu zela, eta % 2,68 enpresa arruntetara.

 

Horrenbestez, Elkarteanek desgaitasunaren eremuan enplegu-politika publikoak eraldatzea aldarrikatzen du, segregazioa, lan-baldintzen desberdintasuna edo lan-merkatu arrunterako trantsiziorik eza ezaugarri duten ereduak gainditzeko, eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioan aintzatetsitako printzipio eta eskubideekin bat datorren eta enplegu inklusiboa berdintasun-baldintzetan eskuratzeko eskubidea bermatuko duen enplegu-eredu baterantz aurrera egiteko.

 

Ildo horretan, izapidetzen ari den Enpleguaren Euskal Legeak eraldaketarako palanka izan behar du nahitaez, Euskadik bere gain har dezan Konbentzioaren agindua, eta Euskal Enplegu Sistemaren politika, neurri, laguntza, protokolo eta prozeduren alde egin dezan, eta baita, desgaitasuna duten pertsonei enplegu duina eta inklusiboa bermatzearen alde ere, uko egin ezinezko helburua baita.

 

Laburbilduz, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, inplikatutako eragile publiko eta pribatu guztiei eskatzen diegu, beharrezko urratsak eman ditzatela askatasunez aukeratutako enplegua izateko desgaitasuna duten pertsonen eskubidea bermatzeko, berdintasun-baldintzetan eta lan-ingurune ireki, inklusibo eta irisgarrian, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioan aintzatetsitako bizimodu independenterako eredua benetan betetzearen esparruan.