elkartuk Bizimodu independente eredua sustatzeko beharra nabarmendu du berriro ere
elkartu-k, Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak, txosten dibulgatibo bat argitaratu du bizimodu independente eredua sustatzeko beharra berriro ere balioan jarriz. Txostena abenduaren 3an jarriko du bere webgunean, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunean, eta edonork izango du kontsulta-tresna bezala erabiltzeko aukera.
elkartu-k Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna baliatu du izaera dibulgatiboa duen txostena argitaratzeko. Eta berriro ere, bizimodu independente eredua sustatzeko beharra aldarrikatzeko. Edo beste modu batera esanda, desgaitasuna duten pertsonei dagozkien eskubideak aldarrikatzeko, hots, komunitatean bizitzeko, euren bizitzaren kontrola eramateko, eragiten dieten gauzen inguruko erabakiak hartzeko eta, batez ere, nola, non eta norekin bizi nahi duten erabakitzeko.
elkartu-k modu honetan arrazoitu du txostenaargitaratzearen beharra: “Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenak jasotzen du desgaitasuna dugun pertsonak bizimodu independente eredua garatzeko eskubidea daukagula. Era berean, 5. Ohar Orokorrak, modu independentean bizi eta komunitateko parte izateko eskubideari buruzkoa, jasotzen duena ere bildu dugu txosten dibulgatiboan; azken hori, Hitzarmenaren beraren garapen eta argitze instrumentua da. Hitzarmenean eta Oharretan jasotzen diren emaitzak oso konplexuak izan litezke, eta txosten dibulgatibo honekin modu arinago eta ulerterrazago batean bildu nahi izan digu”.
Txostenak zortzi atal jasotzen ditu. Besteak beste, Hitzarmena zer den azaltzen da; Ohar Orokorrak zer diren; Hitzarmenak bizimodu independente ereduaren inguruan zer esaten duen; edota Hitzarmena sinatu duten Estatuek zein betekizun dituzten bizimodu independente eredu eraginkorra sustatzeko eta desgaitasuna duten pertsonak komunitatearen parte izateko.
elkartu-ren iritziz, bizimodu independente eredua sustatzea estrategiakoa izateaz gain, ezinbestekoa da desgaitasuna duten pertsonek bere ahalduntze prozesuan beste urrats bat emateko. “Urrats honek, ordea, laguntzak behar ditu: Federazio Koordinatzaile bezala prest gaude gure ezagutza eta konpromisoa prozesu honen zerbitzura jartzeko, baina ezinbestekoa da instituzio ezberdinen inplikazioa desgaitasuna duten pertsonek bizimodu independente eredua garatzeko beharrezkoak dituzten laguntzak inplementatuz. Hitzarmenak jasotzen du eskubide hori, baina politika eraldatzaileak garatzeko eta Hitzarmenak jasotzen duena errealitate bihurtzeko era batera edo bestera inplikatuta dauden eragile guztien konpromisoa behar da”.
elkartu-k landu duen txosten dibulgatiboa Federazio Koordinatzailearen webgunean (www.elkartu.org) kontsulta daiteke eta, datozen asteetan, ohiko komunikazio euskarrietan zabalkunde kanpaina abiaraziko dutela iragarri da.