EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA
ELKARTEANek (EAEko Gutxitasun Fisikoa eta/edo Organikoa duten Pertsonen Konfederazio Koordinatzailea) desgaitasun fisikoa duten herritarrak ordezkatu, defendatu eta horien aldarrikapen-ekintzak burutzen dituen plataformak, azaroaren 25a, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta, eskatu nahi du, edozein formatako indarkeria jasaten duten desgaitasuna duten emakume eta neskato guztiei, indarkeria horiek ekidin eta desagerrarazteko beharrezkoak diren bitarteko, baldintza, egokitzapen, baliabide eta laguntza guztiak ematea, eta baita kaltea konpondu ahal izateko eta bizitza oso eta independentea berregiteko beharrezkoak diren bitarteko, baldintza, egokitzapen, baliabide eta laguntza ere, estigmatizatu gabe eta beraien eskubide bat bera ere kendu gabe.
Desgaitasuna duten emakume eta neskatoengan hainbat nortasun sozial gainjarri elkartzen direnez eta elkarri eragiten diotenez, ahultasun-faktore sozial zein pertsonal ugariri aurre egin behar izaten diete, era askotako diskriminazio-motak eragiten dituztenak, zapalketa, menperatzea edo diskriminazioa sortzen duten hainbat sistemaren elkartzen baitira (desgaitasuna, emakumea, sexu-orientazioa, jaioterria, hizkuntza, kultura, gizarte-bazterketa, etab.). Beraz, beste faktore batzuen artean: bere buruaren hautemate negatiboa, biktima-kontzientziarik eza, bere buruarekiko indarkeria-egoerak identifikatzeko eta horiek salatzeko ahalduntze eskasa, mugak autonomia pertsonalean, informazio falta, menpekotasun-egoerak (fisikoa, emozionala eta ekonomikoa). Hori guztia, oraindik ere patriarkatuaren berezko rolek, eta baita desgaitasunarekiko aurreiritziak eta diskriminazioak ere, bere horretan irauten duten testuinguruan.
Errealitate honek desgaitasuna duten emakumeak eta neskatoak indarkeria jasateko arrisku handiko egoeran kokatzen ditu, edozein motatako indarkeria, bai aktiboa (tratu txar fisikoak, tratu txar emozionalak, abusu sexuala, ekonomikoa...) zein pasiboa (edozein abusu mota, abandonua, edo sexualitatea edo eskubideak ukatzea) eta instituzionala (egoitza-baliabideetan gertatzen dena), era berean, bere inguruan mota askotako erasotzaile potentzialen esku utziz (bikotekidea, seme-alabak, gurasoak, senideak, zaintzaileak) hainbat tokitan (etxean, erakundeetan, zentroetan, zerbitzuetan...).
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egun honetan, ELKARTEANek, gure gizarteko gaitza den indarkeria eta diskriminazioaren aurka Emakumeen Elkarteek eta Desgaitasuna duten Pertsonen Elkarteek egindako aldarrikapenekin bat egiteaz gain, agerian jarri nahi du desgaitasuna duten emakume eta neskatoek bizi duten ahultasun berezia, eta era berean, baldintzak, bitartekoak eta baliabideak eskatu nahi ditu hori ekiditeko, antzemateko, eta informazioa, orientabidea, arreta eta laguntza jasotzeko eta bizitza oso eta independentea garatzeko, irisgarritasun unibertsala, diskriminazio-eza eta aukera-berdintasuna kontuan hartuta, emakume eta neskatoek funtsezko giza eskubide eta askatasun guztiak bete-betean eta berdintasun-egoeran goza ditzaten bermatzeko (Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren 6. artikulua).
Honako hau aldarrikatu nahi dugu:
- Indarkeriaren biktima diren emakume eta neskato guztiak barne hartuko dituen esparru arauemailea edukitzea, eta ez bakarrik genero-indarkeriaren biktimak barne hartuko dituena (etxe-esparruan bikotekideak edo bikotekide ohiak gauzatutakoa).
- Leku, gailu eta baliabide guztietan irisgarritasun-baldintzak bermatzea prozesuaren fase guztietan (polizia-etxean, poliziaren ibilgailuetan, etxebizitza-baliabideetan, etab.), eta baita beharrezkoak diren lagun-egiteko edo asistentzia pertsonala izateko zerbitzuak ere.
- Baliabide egokiak eta eskuragarriak ziurtatzea (bai asistentzia pertsonalekoak zein etxebizitza egokitukoak), seme-alabekin batera bizitza independentea berregin ahal izateko leku seguru eta inklusiboan. Desgaitasunaren gain-kostua kontuan hartzea indarkeriaren biktima izan diren emakume eta neskatoentzako laguntzetan.
- Hiriko eremu eta eraikinen irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea, gune kritiko edo arriskutsuak kontuan hartuz (adib: igogailuak edo beste elementu irisgarri batzuk dauden lekuak argiztatzea).
- Desgaitasunaren ikuspegia txertatzea indarkeria-egoerei buruzko sentsibilizazio-, prebentzio. eta arreta-protokoloetan, osasunaren, gizarte-zerbitzuen eta hezkuntzaren arloetan, besteak beste.
- Indarkeria jasan duten desgaitasuna duten emakumeek behar dituzten laguntza, zerbitzu, baliabide eta prestazio guztiak izan ditzaten bermatzea.
- Desgaitasuna duten emakumeen dimentsio sexualaren era askotako alderdien garapena ukatzen duten estereotipoak apurtzea.