MENUA

Zerrendara itzuli Azken berriak

Euskadik bat egiten du gure herritarrek Irisgarritasun Unibertsalerako duten eskubidearekin

Eusko Legebiltzarrak, Irisgarritasuna Sustatzeko Legearen 20.urteurrena dela eta, irisgarritasun unibertsalaren aldeko hurrengo Adierazpen Instituzionala onartu du azaroak 30eko ohiko osoko Bilkuran.

"1997ko abenduaren 4an, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Irisgarritasuna Sustatzeko 20/1997 Legea, zeinak xedetzat baitzuen hiri-ingurunearen, gune publikoen, eraikinen, garraiobideen eta komunikabideen irisgarritasuna bermatzea, pertsona guztiek modu autonomoan erabili eta goza zitzaten zerbitzu horiek guztiak.

Lege hori euskal instituzio publikoen eta desgaitasunen bat duten pertsonak ordezkatzen zituzten erakundeen arteko lankidetzaren emaitza izan zen, bai eta irisgarritasun-politiken arduradun diren eragile guztienaren emaitza ere, eta funtsezko mugarri bat izan zen, aukera eman baitzuen hirigintza- eta etxegintza-oztopoak ezabatzeko politikak gainditzeko, eta Euskadiri beste legeesparru bat emateko, irisgarritasuna herritar guztien eskubide gisa bermatzera zuzendua.

Lege-arau horren ondorengo garapenari esker –bereziki, 68/2000 Dekretua, apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena, eta 26/2001 Dekretua, uztailaren 10ekoa, Garraioan IrisgarritasunBaldintzei buruzko Arau Teknikoak onesten dituena– , aurrerapausoak eman ziren pertsona guztientzako produktu, ondasun, ingurune eta zerbitzuak lortzeko bidean.

Era berean, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmena aplikazio eta eraginkortasun osokoa da gure ordenamendu juridikoaren parte gisa 2008an berretsi zenetik, eta irisgarritasun unibertsala giza eskubideen eremuan kokatzen du eta baldintza moduan pertsona horiek 'modu independentean bizi daitezen eta bizitzako arlo guztietan bete-betean parte har dezaten' (9. art.).

Hala ere, 20 urte pasa eta gero, oraindik ere, pertsona askok Euskadin ez daukate bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezkuntzakoan, lanekoan eta kulturakoan betebetean eta berdintasunean parte hartzeko duten eskubidea, ez baitago irisgarritasun unibertsaleko baldintzarik produktu, ondasun, ingurune eta zerbitzuetan, eta bazterketa eta desparekotasun sozialeko egoerak sortzen dira.

Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak honako adierazpen instituzional hau onartzen du, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea onartzearen 20. urteurrena bete den honetan:


1. Eusko Legebiltzarrak guztiz bere egiten du irisgarritasun unibertsalaren balioa euskal herritar guztien oinarrizko eskubide gisa, pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzen laguntzen baitu, eta konpromisoa hartzen du bere legegintzan, bere jarduera osoan, bere zerbitzu eta ekimen guztietan txertatzeko eta exijitzeko, euskal gizartearen izaera inklusiboa sustatzeko xedez. Era berean, konpromisoa hartzen du administrazio publikoei, eragile publiko eta pribatuei eta euskal gizarte osoari adierazpen honetako printzipio eta balio guztiak helarazteko, gisa horretara irisgarritasun unibertsala sustatzera bideratutako politikak eta neurriak bultzatzen laguntzeko.


2. Eusko Legebiltzarrak dei egiten die instituzio publiko eta pribatuei, bai eta irisgarritasuna sustatzeko politiketan eta neurrietan parte hartzen duten eragile guztiei ere, bere gain har dezaten irisgarritasun unibertsala euskal gizartearen eskubide egituratzaile gisa eta gizarte inklusibo baten esparruan pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko funtsezko elementu gisa.


3. Eusko Legebiltzarrak dei egiten die instituzio publiko eta pribatuei, bai eta irisgarritasuna sustatzeko politiketan eta neurrietan parte hartzen duten eragile guztiei ere, bultzada kualitatibo bat eman diezaieten irisgarritasun unibertsala sustatzeko politikei, horretarako beharrezko diren baliabide ekonomikoak jartzea barne dela.


4. Eusko Legebiltzarrak dei egiten die instituzio publikoei irisgarritasun unibertsala sustatzeko estrategia bati ekiteko, eta bereziki egiten dio dei Eusko Jaurlaritzari ekimen horren gidaritza hartu eta bultzatu dezan. Estrategia horrek, egoera-diagnostiko batetik eta ikuspegi transbertsal batetik abiatuz, irisgarritasun unibertsalerako eskubidearen bermean aurrera egiteko beharrezko diren helburu eta neurriak ezarriko ditu, hirugarren sektore sozialeko erakundeekin lankidetzan, bereziki desgaitasunen bat duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeekin.


5. Eusko Legebiltzarrak instituzio publikoei eskatzen die berma dezatela Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea, bai eta lege hori garatzeko arauak ere, guztiz eta modu eraginkorrean betetzen direla, eta egin dezatela ebaluazio eta eguneratze bat irisgarritasun unibertsalaren printzipioa zorrozki bermatzeko aurrera egitea ahalbidetzen duten alderdietan.


6. Eusko Legebiltzarrak instituzio publikoei eskatzen die hobetu dezatela irisgarritasunaren alorreko datuen eskuragarritasuna, orobat bultzatuz irisgarritasun unibertsala sustatzeko politiken eta neurrien diseinu eta jarraipen eraginkorra egiteko adierazleak eta informazio benetakoa eta eguneratua edukitzea ahalbidetuko duten ikerketa- eta ebaluaziopolitikak.


7. Eusko Legebiltzarrak instituzio publiko eta pribatuei eskatzen die berma dezatela desgaitasunen bat duten pertsonek osatzen duten hirugarren sektore sozialaren partehartzea, benetakoa eta eraginkorra, irisgarritasun unibertsala sustatzeko egiten diren ekintza publikoen politikak eta ildoak diseinatzean, betearaztean, jarraitzean eta ebaluatzean.


8. Eusko Legebiltzarrak eskatzen du bultza daitezela, hezkuntzan, enpleguan, funtzio publikoan eta erantzukizun publikoko sistema guztietan, irisgarritasun unibertsalaren arloko konpetentziak eta ezagutzak eskuratzea eta garatzea, eta pertsona guztientzat horrelakoak diseinatzea, irisgarritasun unibertsala bultzatzen duten balioak transmititzen eta balio horiek praktikan jartzen laguntze aldera.


9. Eusko Legebiltzarrak berrikuntzaren eta ikerkuntzaren arloan eskumena duten instituzio publiko eta pribatuei eskatzen die, bai eta arlo teknologikoan eskumena dutenei ere, egin dezatela apustu bat pertsona guztientzako irisgarritasun unibertsala txertatzearen eta diseinatzearen alde, haien politikak, neurriak eta proiektuak diseinatu, betearazi, jarraitu eta ebaluatzeko funtsezko ardatz gisa".


Ondoren Adierazpen Instituzionalaren irakurketa  kontsultatu dezakezu.

Gune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.

Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika