MENUA

Zerrendara itzuli Azken berriak

EGABen Memoria Sozioekonomikoaren arabera desoreka dago desgaitasuna duten pertsonen enpleguan

EGABen Memoria Sozioekonomikoaren arabera desoreka dago desgaitasuna duten pertsonen enpleguan

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen 2016ko Memoria Sozioekonomikoak, uztailaren 12an argitaratuak, besteak beste, EAEn desgaitasuna duten pertsonen enpleguari buruzko datuak jasotzen ditu.

Elkartean-ek (Euskal Autonomia Erkidegoko Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Konfederazio Koordinatzailea) egindako prentsa oharraren arabera, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea ren 2016ko Memoria Sozioekonomikoak , uztailaren 12an argitaratuak, besteak beste, EAEn desgaitasuna duten pertsonen enpleguari buruzko datuak jasotzen ditu. Memoriak agerian jartzen du desgaitasuna duten pertsonen enplegurako laguntzen %77 Enplegu Zentro Berezietarako (EZB) izan direla 2015ean, %15 enplegu lagundua izateko, eta %8 besterik ez enplegu arrunta lortzeko. Beraz, Euskadin, azken urteetan, desoreka handia dago desgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeko laguntza-sisteman:

  • Lanbidek, 2015ean, EZBetan desgaituentzako bultzatutako enplegua duten pertsonen kopurua 32 aldiz handiagoa da, enplegu arrunta lortzeko laguntza jasotzen duten pertsona desgaituen kopurua baino. Izan ere, desgaitasuna duten 3.952 pertsonak lan egiten dute EZBetan Lanbideren laguntzei esker, baina desgaitasuna duten 125 pertsonak soilik jaso dute laguntza publikoren bat enplegu arrunteko kontratazioa izateko.
  • Lanbidek enplegu babestua izateko emandako laguntzak 9 aldiz handiagoak dira, enpresa arruntetan laneratzeko ematen direnak baino, gainera azken horiek murriztu egin dira 2014koen aldean: 2015ean 4 milioi euro erabili ziren (+%2,1, 2014koaren aldean) enplegu babestua izateko, baina 439.501 euro soilik (-%1,3, 2014koaren aldean) desgaitasuna duten pertsonen enplegu mugagabea sustatzeko programetarako.

Datu horiek garbi erakusten dute laguntza-sistemetan dagoen desoreka, bai eta Euskadin enplegu babestuari sistematikoki lehentasuna ematen zaiola ere, alde batera utziz Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioko 27. artikuluak xedatzen duena; hau da, pertsona horiek eskubidea dutela bizimodua ateratzeko askatasunez aukeratutako edo onartutako lan baten bidez, haientzat irekiak, integratzaileak eta eskuragarriak diren lan-merkatu eta ingurune batean. Datu horiek, bestalde, ez datoz bat Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 programan adierazitako konpromisoarekin: Desgaitasuna duten pertsonen enplegu arrunterako sarbidea eta jarduera-tasa hobetzea.

2004. urtetik aurrera, gure administrazioen konpromiso eraginkorraren atzerapausoa antzematen da, desgaitasuna duten pertsonak enplegu arruntean integratzearen aldeko alorrean, nahiz eta DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LAN MERKATU ARRUNTEAN SARTZEKO PLANAk (2004-2006) konpromiso hori jasotzen zuen. Bestalde, administrazioek Euskadiko desgaituen enpleguari buruz egiten dituzten azterketak zeharkakoak eta partzialak dira, soil-soilik bi enplegu-mota hauetako lan-integrazioan lortutako emaitzak kaleratzen baitituzte: enplegu babestuan eta lagundutako enpleguan. ELKARTEAN erakundean, ordea, uste dugu ez dela ezagutzera ematen gure kolektiboaren zati handi batek aukera eta laguntza gutxi dituela enplegu arrunta lortzeko eta mantentzeko, bai eta alde horretatik bizi duen egoera zaila.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Memoriak ematen dizkigun datuek desoreka hori egiaztatzen dute eta, beraz, honako hauek behar-beharrezkotzat jotzen ditugu:

  • Azterketak egin behar dira, desgaitasuna duten zenbat pertsona ari diren enplegu arruntetan jakiteko, bai eta Enplegu Bereziko Zentroetan zenbat ari diren eta zer egoeratan dauden ere (lan- eta soldata-baldintzak, besteak beste).
  • Eraginkortasunez sustatu behar da desgaitasuna duten pertsonek lan-merkatuan enplegu arrunta izatea, Nazio Batuen Konbentzioko 27. artikulua eta Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 aplikatuz, bai enplegu-mota hori lortzeko eta mantentzeko laguntza eraginkorrei dagokienez, bai lanpostuen egokitzapenari dagokionez.
  • Desgaitasuna duten pertsonei enpresa arruntetan egiten zaizkien kontratazioen erreserba-kuota benetan betetzen dela zaindu behar da, eta, gainera, bereizi behar da noiz betetzen den pertsonen kontratazio zuzenaren bidez eta noiz enplegu babestua bultzatzen duten ordezko neurrien bidez.

Enplegu arruntean integratzea eta lan-baldintza duinak izatea ezinbesteko baldintzak dira, desgaitasuna duten pertsonek bizimodu beregaina izan dezaten eta gainerako pertsonek lan-merkatuan parte hartzeko eta sartzeko dituzten aukera berdinak izan ditzaten.

Gune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.

Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika